Sorosleek korronteak harrapatutako hiru haur atera dituzte Itzurungo uretatik

Baleike 2017ko abu. 8a, 21:01

Uda honetan edukitzen ari garen eguraldi grisa medio, hondartza denboraldia nahiko lasai doala diote Itzurungo hondartzako Gurutze Gorriko sorosleek. Gaur, arratsaldean, baina lana erruz egin behar izan dute. 

Arratsaldean itsasoaren egoera zakartu egin da eta baita korronteak indartu ere. Herritarren artean aski jakina da Itzurungo hondartzan korronteak indartsuak direla eta adi egoten dira. Zurrunbilo horietako batek harrapatu ditu bainua hartzen ari ziren hiru haur eta uretatik atera ezinik egon dira. Zorionez, sorosleek haurrak atera dituzte uretatik. 

Itsasoaren egoerak okerrera egin du eta 18:30ak aldera bandera gorria igo dute mastara.