Kauldi Odriozola: "Gure helburua domina lortzea zen eta urrea lortu dugu"

Baleike 2017ko abu. 1a, 21:07

Aljerian junior mailako munduko txapelketa irabazi duen Kauldi Odriozola eskubaloi jokalariak ondo merezitako omenaldia jaso du gaur arratsaldean Kofradian. Herritar ugari hurreratu da Pulpo eskubaloi taldean hazi eta hezi, eta gaur egun Bidasoan taldean jokatzen duen jokalari gazteari bere esker ona adieraztera.

Txaranga doinuen laguntzarekin joan dira Kauldi, bere lagunak eta herriko eskubaloi familiako kideak Erribera kalean barrena Kofradiaraino. Behin balkoira igota, Oier Korta alkateak zorionak eman dizkio eta azken urteotan erdietsitako garaipenen berri eman du. Pulpoko zuzendaritzako kide Joxemi Antiak ere txalotu du zumaiar gaztearen lana.

Mikrofonoa eskutan hartuta, Kauldik eskerrak luzatu dizkie arratsaldean Kofradiara hurreratu direnei eta haien maitasuna sumatu duela goraipatu du. Txapelketa gogorra izan dela adierazi du eta Espainiako selekzioaren helburua domina lortzea zela azpimarratu du. "Urrezko domina lortu dugu". 

Felix Aizpurua esatariak egindako galderei erantzunez, esan du une gogorrena finalekoa izan zela, denbora agortua epaileek Danimarkari aldeko penalti bat eman zionean. "Pentsatzen genuen hor galduko genuela, baina gure atezainak gelditu egin zuen". Gero, luzapenean, eta azken unetan, Espainiak lortu zuen garaipena emango zien gola. 

Hurrengo denboraldian ere Bidasoa taldean jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, baita ikasketekin jarraitzekoa ere. Nekatuta zegoen, baina, hala ere, zaletu guztiekin argazkiak ateratzeko prest agertu da txapeldun gaztea. 

Erlazionatuak