Unai Iribarrek irabazi du XXXIX. Udako txirrindularitza saria

Baleike 2017ko uzt. 30a, 21:58

Limousin taldeko Unai Iribar, erdian, Arritokietako igoeran.

Gaur arratsaldean korritu da Zumaiako XXXIX. udako txirrindularitza saria, Joxe Mari Kortaren oroimenezkoa. Junior mailako lasterketa honetan 101 kilometroko bidea egin dute txirrindulariek eta irabazlea azken kilometroetan erabaki da. Txapela Unai Iribarrek eraman du etxera. 

Irabazlea, izatez, Ibarrakoa da, baina odolean Zumaiako genak ere badaramatza; bere aita zumaiarra baita: Joxe Mari Iribar txirrindulari ohia, izeba, berriz, Arritxu Iribar kazetaria.

Sekulako denboraldia ari da egiten Unai Iribar. Gaurkoa kanpaina honetan lortu duen 13. garaipena izan da. Ez hori bakarrik: Europako pistako txapelketan brontzezko domina lortu ondoren etorri da Zumaiara. Hemendik gutxira errepideko Europako txapelketa jokatuko du eta, ondoren, pistako munduko txapelketa. 

Arritokietarako azken igoeran erabaki da lasterketa nork irabaziko zuen. Atzetik aurrera joanda, ihes eginda zegoen txirrindularia harrapatu dute eta azken metroetan lortu du garaipena 18 urteko Limousin-Oriako taldeko ziklistak. Bigarren postuan sailkatu da Urko Senperena (Construcciones Alvaro) eta hirugarrenean Baionako Jon Pelietrat (Aviron Bayonnais).

Mendiko eta tarteko helmugetako saria Ampo taldeko Mikel Alonsok irabazi du eta taldekako Construcciones Alvaro talde donostiarrak.