Saharako 35 haur bilduko ditu Darahlik asteburuan Zumaian eta Zestoan

Baleike 2017ko uzt. 26a, 14:55
Darahliko begiraleak Saharako haurrekin Bakeleku udalekuan.

Urduñako Bakeleku udalekuan daude haurrak Zumaiako Darahli elkarteko begiraleen zaintzapean, eta asteburuan Zumaiara eta Zestoara ekarriko dituzte astialdiko ekintza egitera.

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetatik uda Euskal Herrian pasatzera etorritako 35 haur bilduko dira asteburuan Zumaian eta Zestoan astialdiko zenbait ekintza egiteko, Zumaiako Darahli elkartearen eskutik. Haur horietako 33 Urduñako Bakeleku udalekuetan daude uda pasatzen, eta beste biak Zumaian daude, bertako bi familiarekin. Darahlik urte osoan zehar Saharako errefuxiatuen alde egiten duen lanaren segida da udako oporraldietako ekimen hau.

Uztailean eta abuztuan Urduñako Bakeleku udalekuan begirale lanak egiten dituzte Darahli elkarteko gazteek. Aurten Saharako kanpalekuetatik etorritako 9 eta 12 urte arteko haurrekin ari dira lanean. Darahli elkarteko ahalik eta gazte gehienek izan dezaten esperientzia hau bizitzeko aukera, hamar eguneko txandak antolatu dituzte, eta txanda bakoitzean sei edo zazpi begirale joaten dira lanera.

Dagoeneko bosgarren txandakoak ari dira lanean eta, esperientzia bizi izan dutenen arabera, oso gustura daude bizitakoarekin, eta eskertuta haurrengandik jasotzen duten guztiagatik. Bakelekuan, Darahliko sei begiraleez gain, Saharatik etorritako arduradun bat dago eta sukaldeko lanak egiten dituen beste lagun bat. Eguneroko ohiko ekintza guztiak kudeatzen dituzte Darahliko gazteek (janaria, gelak, arropa garbitu eta jaso, garbiketa orokorra, umeak dutxatu,… ), kirol ekintzak eta tailerrak antolatu eta irteerak egiten dituzte: igerilekura, hondartzara edota inguruko herriak ezagutzera. Eta ume guztiak mediku azterketa egitera eramaten dituzte, bereziki batzuk dentistarengana, beharra handia baitute.

Bakelekuko 33 haur hauez gain, Oporrak Bakean programaren barruan Zumaiako bi familiarekin dauden beste bi neska sahararrek ere hartuko dute parte asteburuko ekitaldietan. Larunbatean Zumaian izango dira eta igandean Zestoan. Udalen harrera jasotzeaz gain, aukera izango dute jolasteko eta elkarrekin ondo pasatzeko.

Egitaraua

Uztailak 29, larunbata

12:00. Zumaiako Udalak harrera egingo die udaletxean. Herritar guztiak daude gonbidatuta.
13:00. Santiago hondartzan jolasak eta bazkaria.
19:00. Saharako haurrak harrera familiekin bildu.

Uztailak 30, igandea

12:30. Zestoara egun pasa.
13:00. Ongietorria udaletxean.
14:00. Herri bazkaria (txartelak hiru euroan, Koiote tabernan).
16:00-200. Puzgarriak herri plazan.