Zuntz optikoa jarriko dute herriko industria poligono nagusietan

Baleike 2017ko uzt. 24a, 12:06
Joan den astean aurkeztu zitzaien enpresei zuntz optikoaren proiektua.

Euskaltel arduratuko da sarea zabaltzeaz, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak baliatuta. 2018aren hasieran zerbitzua martxan egotea espero dute.

Interneten aroan atzerapen handia da enpresentzat goi mailako konexiorik ez izatea. Hala daude gaur Zumaiako enpresa asko. Joxe Mari Korta poligonoan, Oikiako industriagunean, Estazioko poligonoan, Santiago aldean dauden enpresetan eta GKN bertan gaur egun ez dauzkate zuntz optikoak eskaintzen dituen abantailak. Makinak eta Internet batzen dituen 4.0 industria hainbeste aipatzen den garai hauetan, enpresen lehiakortasunerako gabezia kezkagarria da Interneten atzean gelditzea.

Badirudi, ordea, arazoa konpontzeko bidean dela. Udalak iragarri duenez, 2018an iritsiko da zuntz optikoa aipatutako industria guneetara. Urte hasierarako Joxemari Korta eta Oikiako poligonoetara, eta maiatzerako Estazioko eta Santiagoko enpresetara eta GKNra.

Zuntz optikoa herriko industria guneetara zabaltzeko eskaera aspalditik datorren arren, 2015etik aurrera hasi ziren bideak zabaltzen. Udalaren eskaeraren aurrean, Sprik –enpresen garapenerako Jaurlaritzaren agentzia– martxan jarri zuen diru-laguntzak tramitatzeko prozedura. Behin diru-laguntzak lotuta, proiektua garatu dute, Udalarekin eta Aldundiarekin elkarlanean.

Joan den astean enpresetako ordezkariekin egin zuten bilera proiektuaren nondik-norakoak azaltzeko. Udaleko, Aldundiko eta Spriko arduradunez gain, bertan izan zen Euskalteleko ordezkari bat, beraiek arduratuko baitira sarea hedatzeaz. Zuntz optikoa noiz iritsiko den jakin nahi zuten enpresetako ordezkariek eta, Euskalteleko kideak aurreratu zuenez, 2018ko urtarrilerako erabilgarri egongo da Joxemari Korta eta Oikiako poligonoetan, eta maiatzerako aipatutako gainontzeko guneetan.

Udalak ohar bidez azaldu duzenez, enpresen lehiakortasuna bultzatzea da proiektu honen helburu nagusia: “Proiektuak helburu du herriko poligono eta enpresa guztiak zuntz optikoak eskaintzen dituen abantailez baliatzea zerbitzuak aurrera eraman eta haien lehiakortasuna bermatzeko”.