Iñigo Peña: «Inoiz baino gehiago ari naiz gozatzen txapelketetan»

Baleike 2017ko uzt. 17a, 12:39

Paparrean brontzezko eta urrezko domina bana dituela bueltatuko da Iñigo Peña Bulgarian jokatutako Europako Txapelketatik. Aireportuan hegaldiaren zain zegoela hartu du tarte bat Baleikerekin telefonoz hitz egiteko.

Bi domina lortuta, izan al da ospakizunik?
 
Aparteko ezer ez, oso nekatuta geunden, eguraldi tristea... Gauerdirako ohean geunden.
 
Olinpiar Jokoetatik bueltatu zinenean, atseden luze bat behar zenuela esan zenuen. Hau al da atseden hartzeko modua?
 
Bai, egia esan, emaitza bikainak etorri dira aurten... Baina atsedena hartu nuen, ez pentsa. Brasildik bueltatu nintzenean, oporraldi luzea egin nuen, ia urri amaiera arte. Eta gero poliki-poliki hasi nintzen lanean, lasaiago entrenatzen. Baina egia da, era berean, neguko lana ondo bete dudala. Eta emaitzak iritsi dira.
 
Espero zenuen halakorik?
 
Espero edo ez, aurten inoiz baino gehiago ari naiz gozatzen txapelketetan. Agian, presio gutxiago sentitzen dudalako behin olinpiar zikloa pasata.  
 
Aldaketa ere izan da zure helburuetan; orain Cubelosekin ari zara buru-belarri K2an. 
Bai, apiriletik ari gara elkarrekin lanean, biko ontzian. Brasilgo Jokoei begira lauko ontzia izan zen proiektua, eta hura pasa ondoren, aldatzeko aukera ona zela pentsatu genuen. Biok oso gustura gabiltza elkarrekin, oso ondo egokitu gara ontzian, eta gaur egun bikoa da  lehentasuna.
 
Emaitza bikainak izan dira hasieratik, eta Europako Txapelketan brontzea lortu duzue. 
 
Nahiz eta finalean ez genuen gure estropadarik onena egin. Dena den, horrek ere indarra eman digu, onena eman gabe ere aurrean egon garelako.
 
Larunbatean K2an brontzea, eta igandean K4arekin urrea. K4a ez duzu erabat baztertu?
 
Nire lehentasuna biko ontzia da eta prestaketa guztia horretara dago bideratuta. Baina Espainiako Federazioak aukera ikusi zuen Europako Txapelketan laukoa osatzeko eta, ordutegiak bateragarriak zirenez, Cubelos eta biok sartu gintuzten. 
 
Laukote erabat berria da. Espero al zenuten irabaztea?
 
Guk bagenekien maila handiko lau piraguista ginela, baina zalantzak genituen, ez dugulako elkarrekin entrenatzeko aukera askorik izan. Entrenamenduak beti izan dira bigarren mailakoak, tarte bat zegoenean, eta batzutan ontzia ez zihoan behar bezala. Baina finalean ondo atera zen den eta hor dago urrezko domina.
 
Mundiala da hurrengo erronka –abuztuaren 24tik 27ra, Txekiar Errepublikan–. Berriro dominaren lehian ikusten al zarete?
 
Aurrena parte hartzeko txartela lortu behar...
 
Baina aurten Munduko Kopan eta orain Europako Txapelketan izan dituzuen emaitzekin ez al daukazue postua ziurtatuta?
 
Ez, dominak lortu arren, hautaketa proba bat jokatu behar dugu hiru aste barru. Ulertzen zaila da, baina Espainiako Federazioak hala erabaki zuen urte hasieran eta bete egin behar. Dena den, ezer arrarorik gertatzen ez bada, postua guk lortuko dugula uste dut.
 
Cubelosekin daukazun K2ko proiektu hau aurtengorako kontua da edo aurrera begira ere segitzeko asmoa duzue?
 
Olinpiar ziklo berri baten hasieran gaude eta oso luze joaten dira; edozer gerta daiteke bidean, baina bai, gure gogoa da elkarrekin segitzea. Oso gustura gaude elkarrekin, emaitzak oso onak ari dira izaten eta ea bide honetatik noraino iristen garen.