Kauldik hiru gol egin ditu Espainiak Tunisiari 27-21 irabazitako partidan

Baleike 2017ko uzt. 8a, 21:05

Junior mailako Espainiako eta Tunisiako eskubaloi selekzioek lagunarteko partida jokatu dute gaur arrastsaldean Lubaki kiroldegian. Kauldi Odriozola jokatzen ikusteko aukera izan dute harmailak bete dituzten zaleek.

Espainiak 27-21 irabazi dio Tunisiari bi taldeak Munduko Txapelketari begira jokatu duten prestaketa partidan. Atzo ere elkarren aurka jokatu zuten Eibarren, eta han ere Espainiak irabazi zuen. Bi partidetan Kauldi Odriozola zumaiarra protagonista izan da. Eibarren bera izan zen partidako onena, bederatzi golekin; eta Zumaian, begi danak gainean izan ditu, etxekoa jokatzen ikusteko gogoz bildu baita jendea Lubakin.

Odriozolak minutu dezente jokatu eta hiru gol lortu ditu. Hegalean jokatu du ia partida osoa, baina lehen lerroan ere jarri du bigarren zatian Isidoro Martinez Espainiako hautatzaileak. Defentsako lanetan berriz, jokalari aurreratu gisa ere aritu zen bigarren zatian hainbat minutuz. Sasoi betean dabil azken hilabetekotan, Bidasoan bikain amaitu zuen denboraldian eta Espainiako selekzioan ere maila berean jarraitzen du. Dagoeneko jokalari garrantzitsua bihurtu da Martinezek taldean.

Gaurko partidarekin amaitu dute prestaketako lehen fasea. Bi aste luze pasa dituzte entrenatzen eta partidak jokatzen eta orain lau eguneko atsedenaldia daukate. Munduko Txapelketa Algerian jokatuko dute, uztailaren 16tik 31ra.