Asteburuan ireki dute Flysch hotel berria

Baleike 2017ko uzt. 4a, 09:47
Lucia Manzisidor eta Aitor Kareaga, hoteleko terrazan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Duela bost urte bizitzan bide berri bati ekitea erabaki zuten Aitor Kareagak eta Lucia Manzisidorrek. Ekonomia krisialdi sakonean zegoen sartuta eta turismoak apenas zuen indarrik Zumaian; baina apustua garbia izan zen: hotel berri bat zabaltzea. Asteburutik zabalik daude Flysch hoteleko ateak.

Nahi baino gehiago luzatu zaizkie azken ukitu eta gestioak, baina dagoeneko zabalik dago Flysch hotela. Hemezortzi logelak prest dauzkate, eta hasi dira lehen bezeroak eta erreserbak jasotzen. Hasi berri den abenturaren zirrararekin bizi dituzte egun hauek Aitorrek eta Luciak, baina bide luzea eta nekeza egin behar izan dute honaino iristeko. "Hotela urte eta erdian eraiki dugu, baina proiektuarekin duela bost urte hasi ginen. Momentu gogorrak pasa ditugu, dena uzteko zorian ere izan gara, baina, zorionez, hemen gaude, ilusio handiarekin".

Duela bost urte hasi zen dena, krisialdi ekonomikoaren erdian. "Nik zilarrezko bitxiak diseinatzen nituen", hasi da Aitor esplikatzen. "Negozioa gero eta okerrago zihoan, ez zegoen marka handiekin lehiatzeko modurik, eta bezeroak galtzen ari ginen. Orduan hasi ginen pentsatzen turismoari begira zerbait egin genezakeela. Nik bezeroak neuzkan Espainiako leku askotakoak, eta ohartu nintzen oso gutxi ezagutzen zutela Euskal Herria. Kantabria edo Asturiasekin alderatuta, hemen oso gutxi landu da turismoa. Egoera politikoa aldatu zenean, aukera bat ikusi nuen. Lehen jende asko ez zen etortzen beldurragatik edo gorrotoagatik. Baina hori aldatu egin da, eta hor ikusi nuen aukera".

Landetxeren bat hartzekotan ari zirela, San Telmora bidean dagoen lur sail batean eraikitzeko aukera aurkeztu zitzaien. Eta halaxe murgildu ziren Flysch Hotelaren proiektuan. "Guretzat bizitza proiektu bat da; hotelean inbertitu ditugu gure ondasun guztiak, eraikinaren goialdean daukagu orain gure etxea, hauxe izan da gure ilusioa", dio Luciak; "Semea eta alabarengan pentsatuta ere eman genuen pausoa. Duela bost urte egoera ekonomikoa oso beltza zen, gazte asko kanpora ari ziren joaten lan bila. Hemen etorkizunerako aukera bat izango dute, gustuko lana badute", jarraitu du Aitorrek.

Turismoaren gorakada

Gaur egun Zumaia modan dago eta turismoak gorakada handia izan du azken bi urteotan. Baina duela bost urte egoera oso bestelakoa zela gogoratzen dute Aitorrek eta Luciak. "Orduan egoera nahikoa tristea zen. Zumaian eskaintza oso eskasa zen –Zelai hotela ere itxita zegoen–, eta gelen okupazio mailak beldurra ematen zuen. Guk datuak begiratzen genituen ia egunero eta ez zuen animo handirik ematen", gogoratzen dute. "Baina ikusi genuen turismo bulegoan lan handia ari zirela egiten, ilusio handiarekin, eta aurrera begira hobera egin zezakeela egoerak. Hori bai, ez genuen espero gero gertatu den eztanda", aitortu dute.

Ocho apellidos vascos pelikulak eragin handia izan duela garbi dute biek, "erakusleiho bat izan da herria ezagutzera emateko", baina uste dute egoera bere neurrira etorri eta "turismo lasaiagoa" izango duela Zumaiak. "Orain sukarraren erdian gaude, baina hori pasako da. Guk uste dugu Zumaiak turismo lasaiagoa behar duela eta hala izango duela. Zumaiak bere paisaiak eta bere ingurunea dauzka eskaintzeko, leku lasaia da eta balio horri eutsi behar dio. Udan festa eta zalaparta nahi duenak Zarautzera eta Donostiako Parte Zaharrera joko du".

Hotelean ere giro hori eskaini nahi dute. "Etorri nahi duen orok dauzka ateak zabalik, eta gure gelak prestatuta daude, bi, hiru edo lau lagun hartzeko –bi gela sukaldedunak dira–; baina gustatuko litzaiguke leku lasaia izatea, eta horretarako dauzkagu kafetegi bat –bezeroentzat bakarrik– terraza eder bat, gela guztiak balkoiarekin, aparkaleku propioa... Horrez gain, aukera ikusten dugu enpresa munduarekin lan egiteko. Asko Donostia aldera joaten dira, eta ikusten dugu 15-20 bat minutura herri asko dauzkagula, enpresa asko, eta gurea aukera erakargarria izan daitekeela lana bukatu, Zumaiara etorri eta deskonektatzeko. Bertan daude Algorri, Itzurun, labarrak...".