Frances: "Arrakasta litzateke ohorezko txandan mantentzea"

Baleike 2017ko uzt. 1a, 09:22
Atzo Arranpla aurrean bildutako arraunlariak.

Atzo aurkeztu zituen Telmo Deunek aurtengo denboraldiko arraunlariak jendaurrean, Arranpla aurrean egindako ekitaldian. Traineru bakarra izango du aurten uretan, KAE1 mailan, beteranoen ontziaz gain.  

Emakumeen eta gizonen bigarren traineruak ere uretan izatea zen klubaren asmoa, baina zoritxarrez aurten KAE1 Ligako taldea baino ez da lehiatuko. Hala ere, klubean badira 150 kirolari gogor entrenatzen ari direnak eta hori da etorkizuneko bermerik onena.

KAE1 mailako traineruan ere aldaketa asko izan diren arren, taldeak ondo ekin dio dendoraldiari. Bihar dute laugarren estropada, Zumaian bertan (12:00etan, errioan), eta oraingoz laugarren postuan daude sailkapenean, ohorezko txandan sartuta. "Duela hilabete batzuk ez genuke sinetsiko, baina hor gaude oraingoz", aitortu du Patxi Frances entrenatzaileak. "Ez da batere erraza izango postu horri eustea, badaudelako talde batzuk TKEra igotzeko helburuarekin sortu direnak: Donostiarrak, Santurtzi... Lekeitio eta Deustu ere borroka horretan egoteko taldeak dira. Arrakasta litzateke horietako bat atzean utzi eta ohorezko txandan mantentzea".

Unai Osa patroiak uste du bihar Zumaian estropada ona egingo dutela. "Zumaian errioan sekula ez dugu estropadarik jokatu, ez dakigu zer sentsazio izango ditugun, baina nik uste det ondo moldatuko garela". Denboraldiari ondo ekin diotela dio, gustura ari direla, eta banderaren bat irabazteko aukera ez du erabat baztertzen: "Denboraldiaren atarian ez genekien non egongo ginen, baina hasiera honetan egindakoa ikusita gustura gaude. Ohorezko txandan egotea oso ondo dago. Hala ere, aurten bandera bat irabaziko badugu, bigarren txanda jokatuta izango da".

Anjel Etxaniz presidenteak ez du ezkutatu pena ematen diela aurten senior mailako traineru bakarra izatea: "Pena, hirurak ikusi ditugulako uretan entrenatzen, baina azkenean lehian bakarra arituko da. Hala ere, lanean segi beharra dago eta ea hurrengoan, bat, bi edo hiru dauzkagun uretan".