Arraunarekin lotutako asteburua izango dugu Zumaian

Baleike 2017ko eka. 30a, 10:45

Arrauna protagonista izango dugu asteburu honetan herrian. Bi estropada izateaz gain, Telmo Deun Arraun Elkartearen arraunlari taldearen aurkezpena ere egingo da, ohikoa den bezala, Arranplan.

Gaur arratsaldean egingo da aurkezpen ekitaldia, 19:00etatik aurrera, Arranplan. KAE-1 ligan lehiatzen ari den koadrilaz gain, batel eta trainerilla denboraldietan parte hartu duten gazteek ere izango dute protagonismoa.

Esan bezala, bi traineru estropada jokatuko dira asteburu honetan. Aurreko urteotan itsasoan jokatu dira estropada hauek, baina, barrako obrak oraindik bukatu gabe daudela ikusita, Urolaren itsasadarrera mugitu dira. 

Larunbatean, 11:30etik aurrera, KAE-2ko traineru estropada jokatuko da eta igandean, 12:00etatik aurrera, KAE-1ekoa. Azken liga honetan dabil lanean Telmo Deun ontzia. 

Klubetik adierazi dutenez, asteburuan arrain sorta zozkatuko dute eta horretarako rifak saltzen arituko dira. Bestalde, klubeko arropa ere salgai izango da igandean.