Iparrak gazteen eztabaidarako espazioa sortzea du helburu

Baleike 2017ko eka. 28a, 15:37

Pasa den larunbatean aurkeztu zen Torreberrin Iparra izeneko gazte mugimendu politikoa. Gazte ugari inguratu zen ekitaldia jarraitzera. Otsailetik hona egindako bilerak izan dira mugimendu politiko honen abiapuntua

Iparra gazte mugimenduaren aurkezpen ekitaldia egin zen larunbat arratsaldean Torreberrin. Gazteak pixkanaka joan ziren eraikinera hurbiltzen: batzuk koadrilan, besteak talde txikiagoetan eta baita bakarka ere. Torreberriko bigarren solairua bete egin zen gaztez, baina baita mugimendu honen berri jakitera hurreratu ziren helduez ere. Hauetako batzuk harritu egin ziren kopurua ikusita. “Ez dut hainbeste gazte batera ikusi azken aldian”, zioen batek.

Pasa den otsailetik hona Torreberri Gaztetxean bertan egindako bileren ondorioa da Iparra. Bilera hauetan gazteen arazoak eta gai politikoak lantzen joan dira. “Hasieran lau bat lagun bilduko ginen eta pixkanaka gero eta jende gehiago hurbiltzen joan da. Mugimendua handituz joan da eta gero eta jende gehiago biltzen gara ostiralero gaztetxean”. 

Errefuxiatuen krisia, eskuin muturraren igoera Europan edo ezkerrak nazioarte mailan bizi duen krisialdia bezalako gaiak aztertu dituzte bilera hauetan. “Errefuxiatuen krisi handia gertatzen ari da eta gu bezalako jendea gerretatik ihes egin nahian dabiltza. Eskuin muturra inoiz baino indartsuago dago Europan; mamu handi bat dago eta justizia sozialaren alde lan egiten duen ezkerrak ez du jakin gertatzen ari den hori guztia interpretatzen”, azaldu zuten bozeramaileek ekitaldian.

Alderdi politikoetatik kanpo dagoen mugimendu honetako kideek gaineratu zutenez, Zumaian bertan ere erreferente horiek falta direla nabarmendu zuten. “Ikusten genuen gazteek halako proiektu bat aurrera eramateko gogoa bazutela. Hasieran bizpahiru lagun ginen eta ez genekien noraino helduko ginen. Poliki-poliki joan gara eboluzionatzen eta eztabaida, kontzientziazioa eta formakuntza hobetzen”. Formatzen eta eztabaidatzen joan diren heinean “gizarte honetan aldatu beharreko gauzak ikusi dituztela” azpimarratu zuten.

Espazio berri bat

Iparraren helburua Zumaian espazio berri bat sortzea dela azaldu zuten, “eztabaidatzeko eta bakoitzaren ikuspuntuak erakusteko balioko duena. Nahi duguna da gazteak hausnartzeko gai izatea errealitatea ulertzeko. Bai hemen barruan gertatzen dena, baita kanpoan ekintzen bidez egingo direnak. Gauza ez da jendea hona etorri eta guk beraiek konbentzitzea, baizik eta formazioaren bidez beraiek bere kabuz gai izatea egoera aztertzeko”.