Juanito Oiarzabal: "Everestek interes guztia galdu du niretzat"

Baleike 2017ko eka. 24a, 22:02
Juanito Oiarzabal, Juanjo San Sebastian eta Sebastian Alvaro, ostiraleko hitzaldian.

Atzo iluntzean hitzaldia eskaini zuen Juanito Oiarzabal mendigoizale arabarrak Alondegian. Juanjo San Sebastian eta Sebastian Alvaro izan zituen solaserako lagun, eta Himalaian egindako ibilbideaz mintzatu ziren. Azken urteetako masifikazioa eta oxigenoaren erabilera gogor kritikatu zituzten hirurek.

Aitarekin mendizaletu zen Juanito Oiarzabal, Gasteiz inguruko mendietan, eta gaztetan Egino eskalada eskolan ikasi zituen oinarriak. Aitortu zuen Euskal Herriko mendi asko ez dituela ezagutzen, orain arte ez duelako asti handirik izan, baina seguru agertu zen izango duela etxeko gailurrak ere zapaltzeko astia. Alpeetan zaildu omen zen Himalaiara joan aurretik. Eta behin Himalaiara iritsita, han egin du bere ibilbidea. Lau gailur falta zaizkio 14 zortzimilakoak bi aldiz igotzeko, eta berezkoa duen harrotasun puntuarekin gogorarazi zuen bera dela munduan zortzimilako gailur gehien zapaldu duen gizona.

Baina kritikarako tartea ere izan zen, eta aspaldian Himalaian gertatzen ari den masifikazioa salatu zuen arabarrak. "Everestek interes guztia galdu du niretzat. Gaur egun edonork igo dezake, fisikoki prestatuz gero. Oxigenoaren erabilera orokortu egin da. Aukera hori hor dago eta errespetatu egin behar da, baina horrek ez du baliorik". Aitortu zuen, Everestera igo zen lehen aldian berak ere azken unean oxigeno botila bat erabili zuela. "Presio handia nuen orduan eta erabaki hura hartu nuen. Arantza hori gelditu zitzaidan eta ez nuen nire buruarekin bakerik izan oxigeno gehigarririk gabe igo nuen arte. Horregatik, pena ematen dit ikustea gaur egunh 100dik batek edo bik bakarrik igotzen direla Everesteko tontorrera oxigenoaren laguntzarik gabe". 

Al filo de lo imposible telebista saioko zuzendari Sebastian Alvaro are gogorrago mintzatu zen. "Everesteko beheko kanpalekuan hiru edo lau mila lagun bil daitezke udan. Ikaragarria da. Bi milatik gora oxigeno botila daude botata. Nik uste dut neurri zorrotzak hartu behar direla. Nik debekatu eginhgo nuke oxigenoa erabiltzea, osasun arrazoiak daudenean salbu. Kirol helburuetarako ez da onargarria. Gizakiak jakin behar du muga batzuk dituela eta muga horien aurrean garbi jokatu. Neurri horrekin asko murriztuko litzateke jende oldea, mendia bere onena bueltatuko litzateke eta alpinismoak bere esentzia berreskuratuko luke".

Juanjo San Sebastianek ere antzeko ideiak plazaratu zituen: "Gaur egun informazio asko dago, baina formakuntza gutxi. Hedabideek eta federazioek asko egin dezakete. Oxigenoarekin egindako igoerak aintzat ez hartzea, adibidez. Aipamenik ere ez. Mendian oso garrantzitsua da nola egiten diren gauzak". Kilian Jornetek Everestera egin berri duen igoeraz ere egin zituzten pare bat hitz. Juanjo San Sebastianek gogorarazi zuen "Everest ez dela atletismo pista bat", eta Oiarzabalek azpimarratu zuen Jornetek egindakoak ez zuela inolako interesik beretzat, alpinismoaren ikuspegitik. "Mendia, osagai garrantzitsuena ez da abiadura, etika eta bakardadea dira. Horiek gabe igoerak ez du ezer balio", bobobildu zuen San Sebastianek.