Gaixo zegoen emakume bat eraman zuten Donostiako ospitalera helikopteroz

Baleike 2017ko eka. 21a, 11:04

Arratsaldeko 18:00ak aldera, Osakidetzako helikoptero batek, Balenciaga ontziolaren ondoko aparkalekuan lur hartu zuen atzo. Udaltzainek jakinarazi dutenez, Oikian bizi den 72 urteko emakume bat anbulantzian jaso, eta Donostiako ospitalera eraman zuten helikopteroz.

SOS Deiak-en abisua jaso zuten atzo arratsaldean Udaltzainek. Deiaren arabera, Barakaldoko Gurutzeta ospitaletik helikopteroz zetozen Osakidetzako sendagile unitate batek lur hartu behar zuen Zumaian. “Oikian bizi den bizilagun batengana joateko deia jaso genuen, eta udaltzainen lana, helikopteroz etorri ziren medikuak jaso, eta horiekin Oikiara joatea izan zen”, kontatu du udaltzain buruak. 72 urteko emakumeari etxean egin zizkieten lehendabiziko azterketak, baina, egokiena helikopteroz Donostiako ospitalera eramatea zela pentsatu zuten. “Emakumea anbulantzian eraman zuten helikopteroa zegoen tokiraino, eta guk, medikuak eraman genituen. Azken finean, sendagileen eta gaixoaren arteko bitartekari lana egin genuen”, adierazi du.

Larrialdietan lur hartzeko guneak

Udaltzain buruak kontatu duenez, larrialdi bat gertatuz gero, eta helikoptero batek lur hartu behar badu, Balenciaga ondoko aparkalekua, batez ere, neguan erabiltzen dute. “Udaran gune hori kotxez beteta egoten da, beraz, helikopteroak lur hartzeko, beste bi eremu ditugu identifikatuta. Bat, Ondar-Gain eta San Telmo ermitaren ondoan dagoen biribilgunearen ondoko zelaia da, eta bestea, Santiago hondartza inguruko zelaitxo bat”, argitu du. “Atzo, ordea, libre zegoen ontziola ondoko aparkalekua, eta ondorioz, bertan lur hartu zezaten erabaki genuen”, baieztatu du.