Maider Oleagak ‘Nor zen Elbira Zipitria?’ galderari erantzun nahi dio bere azken filmean

baleike 2017ko eka. 12a, 15:24
Maider Oleaga grabaketako une batean

Elbira Zipitria Zumaian jaio zen 1906an eta Donostian zendu zen 1982an. Besteak beste, politikari, hizlari, euskaltzale, irakasle eta nor-nori-nork paradigmaren asmatzailea izan zen. Egun Donostian grabatzen ari den filmaren bidez Elbira nor izan zen erakusteko helburua du Maider Oleaga zinegileak. Proiektua laguntzeko hiru egun barru bukatuko den crowfunding kanpaina bat ere martxan du.

Maider Oleagak Elbira Zipitria zein zen ere ez zekien bera bizi izan zen etxera iritsi zenean. Etxejabeak aipatu zion Franco garaian eskola klandestino bat ireki zuela Zipitriak. “Kuriosoa iruditu zitzaidan baina ez nion garrantzia gehiagorik eman. Baina behin etxean nengoela horrelako ziztada bat sumatu eta pentsatu nuen: hemen izan zen dena”. Horrek bultzatu zion gasteiztar zinegileari Zipitriari buruzko dokumentala egitea.

Elbira Zipitria Zumaian jaio zen irakasle eta pedagogoa izan zen. Bizitza guztian euskal kultura eta euskara babesteko lanean jardun zuen. Gaztetan, familiarekin batera, Donostiako Fermin Calbeton kaleko 26 zenbakiko 2. solairura joan zen bizitzera. Bertan lehenengo euskal eskola klandestinoa sortu zuen. Oleagak ‘Ira 26-2’ izena jarri dio grabatzen ari den dokumentalari. “Elbirak El Día egunkariko euskara sailean idazten zuen eta bere artikuluak Ira bezala sinatzen zituen. Horretaz gain, gutun batzuetan ere izen hori ikusi nuen, eta bere inguruko jende askok ere horrela deitzen ziotela aipatu zidaten”, kontatu du Oleagak. 26 eta 2 zenbakiak berriz, pelikularen abiapuntua dira; etxeko atariko zenbakia eta pisua.

Ikerketa prozesu luzea izan du Oleagak. “Zipitriari buruzko hiru liburu topatu nituen. Horietako baten idazlearekin egon nintzen, eta hortik jarraituz, Elbiraren ikasle izan ziren batzuk ezagutu nituen. Esaterako, Kontxita Beitia eta Mari Carmen Mitxelenarekin egon nintzen, Elbirarekin magisteritza praktikak egin zuten bi emakumerekin”, aipatu du. Bizitza nahiko misteriotsua eraman zuen Zipitriak, eta ikerketa prozesuan ez du bere bizitza intimoaz hitz egiteko jende asko aurkitu. “Ez zuen familiarik izan, oso lagun gutxi izan zituen eta alde horretatik nahiko zaila izan da”, ziurtatu du.

Definitzea ezinezkoa

“Hitz bakar batean edo hitz gutxitan definitu beharko banu, ezingo nuke egin. Izan ere, oso anitza izan zen bere bizitza eta baita bere nortasuna ere”, nabarmendu du Oleagak. Zipitria oso aurreratua izan zen bere garairako. Politikaria izan zen eta Euzko Emakume Abertzaleen Batzan mitinak ematen ibiltzen zen; momentu hartan, esparru publikoan, emakumerik ibiltzen ez zenean. “Gazte denboran oso ekintzailea zen, eta herriz herri joaten zen herritarrak euskararen eta euskal kulturaren garrantziaz kontzientziatzera”. Politikaria izan zenez erbesteratua izan zen eta Saran egon zen. Intelektual askorekin izan zuen harremana: Aitzol, Orixe, Labaien anaiak...

Beka bati esker magisteritza ikasketak burutu zituen eta Donostiako lehenengo euskarazko eskolan klaseak ematen hasi zen. Gerra zibila ondoren etxera bueltatu zen eta eskola partikularrak ematen hasi zen etxez etxe. “Ausardia izan zuen erbestean egonda berriro ere etxera bueltatzea, baina halakoxea zen Ira”, azaldu du Oleagak.

Baina, etxean bertan eskola jartzea pentsatu zuen, ume gehiagorengana iristeko. Euskara irakasteaz gain, zekitenei ere alfabetatzen egiten zuen lan.  “Euskaltegien sorburua hemen dagoela esan dezakegu. Gauetan helduak joaten zitzaizkion, gehienak euskaldunak, baina beraien euskara lantzera joaten ziren. Gainera berak sortu zuen nor-nori-nork sistema”, esan du.

Pedagogia eredu aurrerakoia zuen, izan ere, irakasgaiak memoriarekin landu beharrean, esperientziatik irakasten zuen. “Ez da ahaztu behar feminista ere zela. Oso kristaua zen eta oso abertzalea, baina feminista bere garairako”.

Crowfunding kanpaina

Maiatzaren 27an hasi zen dokumentalaren grabaketa. Donostiako etxean dira eszena nagusienak, baina Zipitriaren jaio lekuan ere hartu ziren irudi batzuk; Narrondon, hain zuzen ere. Urgull mendia ere beste agertoki garrantzitsua da. “Astero joaten zen umeekin hara eta toki berezia zen”, kontatu du.

Dokumentalaren forma berritzailea izango da, esperientziala. “Pelikula egiteko bilatu ditudan moduak Elbirarengan aurkitu ditut. Bere pedagogia umeen esperientzian oinarritzen zen, eta horrek bultzatu nau pelikula ere nire esperientzia propiotik abiatzea”, aitortu du.

Dokumentalaren finantziazio zati bat crowfunding bidez osatzen ari da. 6.000 euroko diru bilketa hori Verkami web orrialde bidez ari da gauzatzen, eta hiru egun bakarrik geratzen dira aportazioak egiteko. Parte hartu nahi duenak bertan aurkituko ditu eman beharreko pausoak, eta ematen duen diru kantitatearen arabera hainbat abantaila edo sari izango ditu: dokumentalaren kamisetak, estreinurako gonbidapenak...

Laster amaituko dira grabaketak eta ondoren 2-3 hilabetetako postprodukzio lana izango du gasteiztarrak. “Estreinaldia urte bukaeran izango da, baina oraindik ez dut argi noiz izango den”, esan du.