Ikuskizuna Artadiko maldetan

Baleike 2017ko eka. 10a, 15:58

Ez zen Tourmaleteko igoera, ezta Alpe d'Huezekoa ere, baina ikuskizuna ez da falta izan gaur goizean egin den Artadiko igoeran. Hona hemen bideoa eta kronika.

Ikuskizuna, horixe eman dute Aitor Olaziregik eta Ander Pequeñok Artadiko paretean. Goi mailako txirrindularitzaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu diren jarraitzaileek. Ander Pequeñok, abilezia erakutsi du txirrindaren gainean, eskurik gabe, hanken laguntzez soilik igo beharra zuen eta malda pikua. Aitor Olazik, 3'35"ko atzerapenarekin ekin dio lasterketari. Zirrara bide bazterretan, arloteak ere bai, TVko protagonismo bila, eta txirrindularitzaren ikuskizuna, azken emaitza zein izango zen ikusteke zegoelarik.

Gogor ekin dio Anderrek, bizkarra zuzen, eskuak izterretan eta ahalerarekin maldan gora. Antolatzaileen motorrek zeresana eman dute beste behin, eta ordekaren amaieran zegoenean, 3'35" pasata, ekin dio Olazi gazteak probari. Aurrean Ander tinko, Olazik ikaragarrizko hasiera egin du, atzean zituen scooterren motorrei berotua emanez.

Azkenengo bihurgunean zoramena bide bazterrean. Zaletu asko, batzuk ajearekin oraindik, Pekek jadanik giharretako mina sentitzen hasia zuelarik. Handik 25 segundu ingurura Olazi "the Shark" erritmo bizian, bere harrapakiña bistan zuela. Azken metroak, azken zuzengunea.

Pekeri balantzak hasi zaizkio, presioarengatik agian, harturiko jipoiak eragindakoak bestela. Eta gazteak, Ormaiztegiko zakurrarena eginda, arrapar y pasar egin dio.

Extasia zaletuen gorputzetan, ikusikizun paregabidea bizi ostean. Garaileak biak, garaile txirrindularitza, garaile euskal erronkak. Azkena izango ez delakoan.