“Tradiziorik gabe heldu ginen bertso mundura, bertso eskolen ate handitik, bertsolaritzako fabrika handitik”

Baleike 2017ko eka. 8a, 18:06
Jon Maia familiartekoekin eta lagunekin, gaur Donostiako Rekalde tabernan egindako aurkezpen ekitaldian.

Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernan aurkeztu du Jon Maiak bere azken liburua, Berriak jaio ginen. 1987tik 1997ra bitarteko kronika pertsonala eskaintzen du Maiak liburu honetan. Zumaian aurkezpena egingo du, hilaren 26an, 19:00etan.

Bidelagun izan dituen hainbat bertsolari izan dira gaur Rekalde tabernan, liburuaren aurkezpen ekitaldian. Batzuk liburuan kolaboratzaile izan direlako: Andoni Egaña editore lanetan, Unai Iturriaga ilustrazioen egile moduan, Igor Elortza sarreraren egile izan delako, baina baita, Jonek esan duen bezala, lagunak dituelako. Ekitaldian ere izan da Joanito Dorronsoro, bertsolaritzako funtsezko izena. Aurkezpenean zehar Joanitori eta Manuel Mari Garateri hitz politak eskaini dizkio Maiak. “BEC batera heldu bagara beraiei esker izan da”.

Liburua Donostiako taberna honetan aurkezteko arrazoiak zeudela adierazi du egileak. “Liburuan jasotzen den egunkari bateko zati batean irakurri daiteke bertsolari gazteek tabernetan eta gaztetxetan kantatu nahi zutela. Horregatik aukeratu dut Rekalde aurkezpenerako, hemen askotan kantatu dudalako. Leku berezia da niretzat”.

Liburu honen proposamena Lankuri orain zazpi urte egin ziola gogoratu du. “Orain zazpi urte proposatu nien eta zazpi urte behar izan ditut egiteko. Emaitza hemen dago”. Liburua egiteko aldamenean izan dituen lagunei eskerrak eman dizkie. Andoni Egañari “filtro lanak” egiteagatik. “Gurekin egon da garai honetan eta bere perspektiba garrantzitsua izan da. Lagunak gara eta konfiantza handia dago”. Iturriagak, Elortzak eta Maia berak, berriz, “hirukote ausarta” osatzen zutela gogoratu du. “Oso gertuko pertsonak gara. Lagunak gara eta liburuko protagonistak ere badira”.

Liburu hau egiterako orduan ekarpen bat egitea omen zen bere asmoa. “Bertsolaritzaren apalean halako liburu bate egotea nahi nuen”. Nahiz eta bertan agertzen diren pertsona guztiak “kariñoarekin” tratatu dituen eta gaiarekin “koherentea” izan den, liburua egiterako orduan gaizki pasa duela onartu du. “Asko biluztu naiz. Inprentan zegoenean geldiarazi nahi nuen. Gero, zabaldu eta berriro ikusi dudanean, lasaitu egin naiz”.

Bi erreferente izan dituela aipatu du: “Batetik, John Berger. Nik hemen egin dudana berak askotan egin du. Kronika, hausnarketa eta literatura nahasten ditu. Halako zerbait egin nahi nuen”. Beste erreferentea Niño de Elche flamenko-kantaria izan du. “Autobiografia batean dena nahasteko abilezia du. Zentzu serio batean, liburu dibertigarria egin nahi nuen”.

Liburuaren izenburuan, Berriak jaio ginen horretan, hitz-joko bat dagoela ere esan du. “Batetik Xenpelarri erantzuten dio. Hark Jaioko dira berriak, gu gara Euskal Herria zioen. Eta nik diot baietz, jaio garela. Baita ere berriak jaio gara. Tradiziorik gabe heldu ginen bertso mundura, bertso eskolen ate handitik, bertsolaritzako fabrika handitik. Edozein izan daiteke bertsolari eta ni naiz horietako bat”.

Bere aurreko liburu Riomundori ere keinu bat egin dio aurkezpen ekitaldian, bere buruari galdetu dionean nola den posible ‘extremeño’ eta ‘zamorano’ baten semea, 1997ko bertso jaialdiko finalean egotea. “Nola da posible hainbeste jende egon den lekuan (eta hemen hainbat bertsolariren izenak esan ditu) ni egotea”.

“Arbasoengatik hasi eta final horretara arteko kontakizun pertsonal bat kontatzen dut liburu honetan”, baina garbi utzi du ez duela liburu hau autobiografiatzat hartzen. “Identitateari buruz hitz egiten dut, gatazka politikoari buruz, sorkuntza prozesuari buruz...”. “Ni baino gazteagoak direnei kontatzen diet nola heldu garen gaur egungo bertsolaritzara”. Bidean zehar aldamenean izan dituenak “hiltzen” joan dela esan du. “Hemen nire alabez akordatzen naiz, Maria eta Eire, alegia, lan hauek denbora asko kentzen dutela. Zorionak badu prezio bat".

“Belaunaldi indartsuena”

Aurretik Andoni Egañak eta Unai Iturriagak hartu dute hitza. Lehenak editore lanak egin ditu. “Lehendabizi hemen eta ziur aski azken aldiz”, azaldu du barre artean. Garai bateko kronika dela esan du, 1987tik 1997ra bitartekoa, “nahiz eta aurrera eta atzera egin. Jon Maiaren belaunalditik bertsolari ezagun asko atera zirela gogoratu du: “Irazu, Elortza, Iturriaga, Lujanbio, Mendiluze, Silveira... Sekulako bertsolari pila. Belaunaldi hori berera ekartzen du liburuan. Belaunaldi hori bertso eskolen fruitua da”. Belaunaldien artekotasuna ere izan zela nabarmendu du: “belaunaldi askotako jendeak bat egin zuen era naturalean. Hori kirolean edo musikan gertatzen ez den bezala, bertsolaritzan gertatu daiteke. Genero artekotasuna ere izan zen, lehenengo emakumeak izan ziren eta bertsotan”.

Datorren bertsolari txapelketara begira aurreikuspen bat ere egin zuen Egañak. “Bataz beste adin handieneko jaialdia izango da hau. Horrek esan nahi du Jonen belaunaldia izan dela indartsuena”.  

Unai Iturriagak, berriz, marrazkiak eta ilustrazioak egin ditu. Marrazkien bidez “umore puntua” sartzen saiatu dela adierazi du. “Jonen pertsona pertsonaia bihurtu dut, seriotasuna arintzeko”.

Liburua gaurtik salgai izango da Lankuren denda digitalean, Elkarren eta ohiko liburudendetan. Zumaian ere egingo da beste aurkezpen bat. Ekainaren 26an egingo da, 19:00etan, Alondegian, Zumaiako Bertso Eskolak antolatuta.