Legatz arrantza txapelketa jokatuko da larunbat honetan

Baleike 2017ko eka. 7a, 18:43

V. legatz arrantza txapelketa jokatuko da larunbat honetan, Zumaiako Klub Nautikoak antolatuta. Txapelketa hau maiatzaren 20an zen jokatzekoa, baina bertan behera utzi zen.

Arrantza ordutegia gauerditik (00:00) arratsaldeko 4etara bitartekoa izango da. 18:00etarako ontzi parte-hartzaile guztiek Zumaiako kirol portuan egon beharko dute. Bertan egingo da pisatzea. Ordu horretarako ontziren batek egindako arrantza aurkezten ez badu, kanporatua izango da.

Arrantzatzeko gunea librea izango da. Ontzien artean gutxienez 50 metroko distantzia egon beharko du. Ontzi bakoitzak hondorako lau aparailu erabili ahal izango ditu.

Pisatzea errairik gabe egingo da. Errai hauek plastikozko poltsa batean gordeko dira eta kirol portuan dagoen hondakinen edukiontzira botako da. Honen bitartez Anisakis parasitoa Zumaiako portuan barreiatzea ekidin nahi da.

Hartutako arrainek araudian jasotzen diren neurriak errespetatu beharko dituzte. Hala, gutxienez 40 zentimetroko luzera izan behar du arrainak kontutan hartu nahi bada. Arrainetako batek neurri hori baino gutxiago badu, ez da pisatzean kontutan hartuko eta puntuaketan arrain horren gramo bakoitzeko puntu bana kenduko zaio. Puntuatzerako orduan arrainaren pisua hartuko da kontutan eta gramo bakoitzeko puntu bana emango zaio. Puntu gehien lortzen duen ontziak irabaziko du.

Izenak Klub Nautikoaren egoitzan eman daitezke edo arrantza@clubnauticozumaia.com helbidera mezu bat bidalita.