La Caixako Gizarte Ekintzaren 6.000 euro jaso ditu Maria eta Jose ikastetxeak

baleike 2017ko eka. 7a, 14:01

Proiektu marko batean sistematizatua eta eskolako curriculumean txertatuta duten ‘Bakea atalka’ edo ‘Pieces of Peace’ izeneko proiektu globalari laguntzeko erabiliko da dirua. Isaak Aranberrik, ikastetxeko zuzendariak, eskerrak eman nahi izan dizkio Zumaiako La Caixako zuzendari Josu Alkaini: “Gure errekurtso denak hezkuntzara bideratzen ditugu, eta uste dugu proiektuak gauzatzea balio erantsia ematen diela gure ikasleei. Horiek kostua dakarte, askotan proiektuak aurrera garatzeko zailtasunak sortzen dira, eta horrelako laguntzak oso garrantzitsuak dira”, azpimarratu du.

Giza balioen eta balio unibertsalen lanketa egitea da Maria eta Jose ikastetxeko lehentasunetako bat. Kezka edo lanketa hori oinarri hartuta, 2006.urtetik, proiektu global bat osatzeari eta garatzeari ekin zioten. “Proiektu puntuak gauzatzea baino, urte guztiko lanketa egitea eta horiek gure curriculumean, gure eguneroko ikasketetan, txertatzea gustatzen zaigu”, adierazi du Aranberrik.

Proiektu osatu hori ‘Bakea atalka’ deitzen da, eta ingelesezko bertsioa ere egin dute, ‘Pieces of Peace’, Unesco interesatu baita programa horretan. “Proiektu ezberdinekin osatuta dagoen proiektu globala da, eta horren helburua ikasleek eta familiek errealitate ezberdinak ezagutu eta ikuspuntu kritikoa garatzea eta horren aurrean zer egin dezaketen baloratzea da”, esan du.

Ikasleei aukerak eskaintzea da ikastetxearen nahia, eta horretarako, proiektuaren mamia hainbat hezkuntza ekintzek laburbiltzen dute. Bizitza dute oinarria, eta konpromisoak hartzen erakutsi nahi die. “Norbanakoagatik hasi  behar gara bere dimentsioen garapena eta heldutasuna bultzatuz. Horretaz gain, gizarte batean bizi gara eta pertsonen eta herriaren artean askatasuna, justizia eta senidetasuna bultzatu behar dugu. Bide batez, naturaren garrantzia azpimarratu nahi dugu bere errekurtsoak banatuz eta zainduz modu arduratsu eta bidezko batean”. Beraz, puntu horiek hartuta errealitate ezberdinen ezagutza garatzen dute: gizartearen homogeneizazioa, herrialde aberats eta pobreen arteko ezberdintasunak,  mundu indibidualistaren erronkak, informazioaren boterea, indarkeriaren aurreko sentsibilizazioa…

Lanketa horiek guztiak egiteko hainbat proiektu ezberdin dituzte martxan. Oinarria ‘Pertsonak balioan’ izeneko programa da, eta hortik abiatuz gainerakoak garatu dituzte. “Proiektu internazionaletarako diru bilketak eta ekintzak bultzatzen ditugu, herriko eragileekin bolondres lan egiteko aukera sustatzen dugu, Darahlin parte hartzea dugu, memoria historikoaren lanketa eta testigantzak jasotzeko aukera ere gauzatzen dugu… Hainbat proiektu ditugu, eta bakoitzaren garapena ikasleen adinaren arabera lotuta eta egokituta daude”.

La Caixak bere aldetik, gizarte ekintzetan 2017rako 510 miloi euroko aurrekontua du. Estatu mailan lehen fundazioa da, eta diruaren zati bat herriko eragile edo elkarteei laguntza emateko erabiltzen dute. “Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeak, ikasle eta irakasleen bitartez, urtero egiten dituzten ekintza sozialetan  lagundu nahi izan dugu. Aktibitate horietako askok gure lehentasunekin bat egiten dute. Are gehiago, ikastetxeak, beste batzuen artean, elkartasunaren balorean hezitzea sustatzen du eta hori fundazioarentzat ere erabakigarria izan da diru laguntza emateko”, esan du Alkainek.