'Alien' eta 'La la land' euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera dago orain

Baleike 2017ko eka. 1a, 15:24
Ezkerretik asita, Jurgi Esnal, Irene Casquero, Maialen Agirre eta Bertol Etxabe, Antton Garikanorekin.

Euskarak gero eta presentzia handiagoa du zine munduan. Azken aldian euskaraz errodatutako zenbait pelikula arrakastatsu estreinatu dira zine aretoetan, baita nazioarte mailako lanak euskaraz bikoiztu ere. Zinezale askok, baina, nahiago izaten dute pelikula horiek jatorrizko hizkuntzetan ikusi eta entzun, azpitituluez lagunduta. Hori ere ari da bere tartea egiten euskaraz. Horren erakusgarri da www.azpitituluak.com ataria. Ehunka pelikulen azpitituluak aurki daitezke bertan, gaur egungoak, eta baita pelikula klasikoak ere. 

Atari honek bere katalogoan Zumaiako Institutuko ikasle talde batek sortutako bi pelikulen azpitituluak sartu ditu azken asteetan, La la land musikal arrakastatsuarenak eta Alien beldurrezko klasiko ikaragarriarenak.

Sustatu orriko kudeatzaile batek luzatutako erronka bati erantzunez egin dituzte azpititulu hauek. «Hainbeste aipatzen den antena teknologikoa jartzen saiatzen gara Institutuan eta askotan Sustatu orrira jotzen dugu informazio bila. Eskolan erabili ditzakegun aplikazioak daude, komunitateari zuzendutakoak. Horko kudeatzaileetako bat Luistxo Fernandez da, eta www.azpitituluak.com webgunea du. Gu ere interesatuta geundelako, berekin harremanetan jarri ginen», azaldu digu Zumaiako Institutuko zuzendari Antton Garikanok.

Beraiek euskaratutako azpitituluak dituzten pelikula multzo handi batekin eta proposamen batekin etorri zen Luistxo. «erronka bat luzatu zigun, ea pelikula baten azpitituluak egiten genituen. Mahai gainean Alien, Gandhi, Magnolia eta Schindler’s list jarri zizkigun. Irakaslebatek zerbait modernoagoa egitera animatu gintuen eta La la land aukeratu zen». 

Batxilergoko ikasleak aritu dira azpititulu hauek prestatzen. Alien pelikulako azpitituluen egileak Maialen Agirre eta Bertol Etxabe, DBH4ko ikasleak izan dira; La la landenak, berriz, Irene Casquero eta Jurgi Esnal, DBH3koak. «Informatikako klasean proiektu bat egin behar genuen eta irakasleek pelikulei azpitituluak egiteko proiektu hau proposatu ziguten, pelikula hauentzako euskarazkori ez zegoelako», adierazi du Bertol Etxabek. «Pixka bat zeharkakoa izan da: euskal mintegiak, ingelesekoak eta informatikakoak hartu dute parte», gaineratu du Garikanok.

Zatika egin dute lana. «Word dokumentu batean ingelesezko azpitituluak pasa zizkiguten eta gero hauek euskarara itzuli ditugu», azaldu du Etxabek. «Zati bat itzultzen genuenean pelikularekin batera pantailan ikusten genuen, ondo geratzen ziren ziurtatzeko», dio Jurgi Esnalek.

Azpititulu hauek eskuragai daude dagoeneko aipatutako webgunean. Lan honengatik zorionak jaso dituztela aipatu digu Maialen Agirrek. Beraiek, ordea, ez dituzte oraindik pelikula hauek euskarazko azpitituluekin ikusi... ez eta bestela ere. Onartu dute ez direla zinezaleak. Hori bai, hurrengo ikasturtean antzerako lanak egiteko prest agertu dira.