Munduko txapeldun Maiora eta Hernando Flysch Trailean izango dira

Baleike 2017ko mai. 15a, 12:25

Parte hartze ezin hobea izango du aurtengo Flysch Trail lasterketak, bertan izango baitira, besteak beste, Maite Maiora eta Luis Alberto Hernando munduko txapeldunak. Dortsal guztiak agortu dira eta izen-ematea itxita dago jadanik.

Maila ikusgarria izango du aurtengo Flysch Trailak, gizonen zein emakumeen lasterketetan. Emakumeen artean, Maite Maiora munduko txapeldunaz gain, Zumaian izango dira Oihana Kortazar, Azahara Garcia, Paula Cabrerizo, Nuria Dominguez, Maria Richter, Dominique Van Mechgelen, Montse Vazquez eta Andrea Gil, besteak beste.

Gizonen zerrenda ere paregabea da: Luis Alberto Hernando munduko txapelduna, Pablo Villalobos Espainiako maratoi txapelduna, Manuel Merillas, Walter Becerra, Abdelfatah Dalal Jirari, Alfredo Gil, Pedro Jose Hernandez, David Lopez Castan, Lhoucir Nassiri, Iker Oliveri eta Mikel Etxeberria, besteak beste.

Maratoi erdiari dagokionez, hauek dira azpimarra daitezkeen korrikalari batzuk:Alizia Olazabal (iazko irabazlea), Mikel Dieguez (iazko irabazlea), Aroa Merino (Behobia-Donostiako iazko irabazlea).

Aurtengo Zumaia Flysch Trailerako dortsalak agortu egin dira, maratoirako zein maratoi erdirako. Guztira 700 korrikalari izango dira ekainaren 25ean Zumaiako irteeran.

Melilla eta Euskadi faltako dira

Espainiako autonomia arteko txapelketa jokatuko da, besteak beste, aurtengo Flysch Trail mendi lasterketak. Selekzio guztiak Zumaian izango dira, Melillakoa eta Euskadikoa izan ezik. Euskadiko selekzioak aurten ez du ordezkaririk izango Zumaian, asteburu berean Grezian jokatuko den lasterketa batean parte hartuko baitu federazioaren erabakiz.