baleike.eus

Gerrak kanporatutakoen inguruko dokumentala emango da gaur Aita Marin

Baleike 2017-05-03 08:56   Kultura

1937an, agintari frankistek Gipuzkoako 14 herritik kanporatu, eta euren haurrak besoetan harturik, nora joan ez zekitela alde egin behar izan zuten emakumeen bizipenak azaltzen dituen Ama, nora goaz? dokumentala emango da gaur, 19:00etatik aurrera, Aita Mari zinean. Sarrera doan izango da.

Karmelo Vivanco eta Idurre Cajaravillek ekoitzitako dokumental honetako Iban Gonzalez zuzendariak eta Jon Gonzalo gidoigileak exodo hartako emakumeetako batzuen lankidetza izan dute; garai hartan haurrak baino ez ziren egungo emakume hauek, muturreko babesgabetasun egoeran euren amek zeukaten ziurtasuna gogoratzen dute.

Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain eta Anita Usiain, Bárbara Rivas eta Esther Remiro aktoreen laguntzarekin, kameraren aurrean jartzen dira film honetan, Zumaiako euren etxeak utzi beharraren sentimendu ikaragarria 60 minutuz azaltzeko eta euren amei egindako "Ama, nora goaz?" galdera gogoratzeko.

Erantzunak

Joxeba Esnal 2017-05-03 16:33 Erantzuna | #1

Franco buru zuen erregimenak, pertsonak ezabatzeaz gain, kontrakotzat zituen pentsamoldeak, jarrerak eta hizkuntzak zapaltzea erabaki zuen.
Gipuzkoako hamalau herrietatik, tartean Zumaia, emakumeei eta hauen seme-alabei ez bezalako zigorra asmatu zieten: Kanporaketak. Eta zigorra hauek memoria historikoan kokatuta daude, beste ekarpen bat, ez da azkena izango. Zuk Martxelo, ni bezain ongi dakizu historia honen egia, bertatik gainera, etxean entzunda edukiko duzulako Zumaiako sukaldeko lau pareten artean.
Memoria historikoa bai, baina oraindik memoria bizia.
Benetako omenaldia eta errekonozimendua, urte haietan Giza Eskubideen urraketak jasan zituzten Euskal Herriko emakume guztiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa