SANTELMOAK

(BIDEOA) Jendetza banderaren jaitsieran

A zer jendetza hurreratu zen atzo banderaren jaitsierara! Koadrilen arteko ekitaldi xume bezala hasi zenak, urteekin gero eta indar handiagoa hartu du. Gaur, maiatzak 1, jaieguna izanik, inoiz baino jende gehiago izan zen festei, teorian, amaiera ematen zien jaitsiera honetan. 

Eta anekdotarako unea ere izan zen, bandera ezin izan zutelako jaitsi. San Telmo Martxarekin batera jaisten da Kofradiako bandera, baina, musika jotzen ari zirela, soka mastan kateatuta geratu zen, ez zuen behera egiten. Musikariak joan ziren eta banderak han jarraitzen zuen tente. Behetik gazteak oihuka hasi ziren: "Beste astebete! Beste astebete!". "Ez dute bandera jaitsi, oraindik ez dira festak amaitu!". Halako batean masta euskailutik atera eta bandera jaitsi zuten. Santelmoen historiara pasako den beste anekdota bat.