Datorkiguna

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2017ko api. 12a, 19:25

Banator Estaziotik herri aldera, Patxita Etxezarretatik, eta autoa geratu zait parean. Bi neska gazte.

-Por favor, ¿a los acantilados de Motrico?

Harritu nau galderak, eta azaldu diet aurrena bariantea hartu behar dutela, Arroara joan, handik Debara, eta gero han dagoela Mutriku, ordu erdi ingurura. Badaezpada ere, galdetu diet ea benetan Mutrikuko labarrak ikusi nahi dituzten, edo beste zerbait (behin baino gehiagotan galdetu didatelako non dagoen “la piedra”). Txoferrak mobila hartu eta Itzurungo argazki bat erakutsi dit, marea behean, San Telmo aldeko brankada eder berdearena. Duda egin dut, baina azkenean galdetu diet ea Itzuruna joan nahi duten, eta baietz, eta ermitara?, eta baietz. Azaldu diet marea goran ez dela ikusten berdin harraldea eta hondartza, ez dela hain ikusgarria, baina han egongo dela, uraren azpian. Galdetu didate ea zenbat dagoen hara oinez, eta ordu laurden esan diet, eta, aukeran, hobe dutela inguruan aparkatu, Amaiako plaza aldean ez delako giro. Aparkatzeko itsas kiroldegiaren ondoan eta oinez joateko, eta aurrerago galdetzeko nola joaten den Itzuruna. Eskerrak eman dizkidate, eta han joan dira aparkatzera.

Etxera bidean, hausnarrean, pentsatzen aritu naiz datorkigunaz (eta etorri zaigunaz). Duda geratu zait, zeren galdera egingo zuten, herrira oinez joandakoan: Itzurun edo Mutrikuko labarrak non dauden...