Izar Agirrezabalaga: "Izaera eraikitzen laguntzen du modak"

Baleike 2017ko urt. 5a, 13:43
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Moda diseinuko graduondokoaren amaierako proiekturako sei outfit edo jantziz osatutako kolekzioa sortu behar izan zuen Izar Agirrezabalaga moda diseinatzaile zumaiarrak. Arropa horiek desfile batean erakutsi zituen Bilboko Bizkaia Aretoan, eta handik, Madril eta Bilbon egin diren erakusketetan izan dira. Kolekzio hau honela definitzen du egileak: teknika zaharretan oinarri duten ehunduren eta tela natural eta neutralen arteko elkarbizitza. Batez ere euskal jantzi tradizionaletan inspiratu da kolekzio hau egiteko garaian. Hemen irakur dezakezue Izaskun Urbieta Esnalek Baleike aldizkarirako egindako elkarrizketa.

Arte Ederretako gradua egin zuen Leioan Izar Agirrezabalagak, eta diseinu eta sorkuntza arloan espezializatu zen. Moda mundua betidanik gustatu izan zaio, eta, hala, gai horren inguruko graduondokoa egitea pentsatu zuen. Ekainean amaituta, Erandioko moda enpresa batean dabil praktiketan egun.

Zer ikasi duzu graduondoko honetan?
Denetik pixka bat. Egia esan, Arte Ederretatik nentorrenez, diseinu arloan jakintza maila bat banuen. Irakasle asko graduan nituen berberak ziren, eta ikasleoi sorkuntza ateratzeko arte mundutik jotzen zuten. Beraz, artista horiek, ikuspuntu horiek, ezagunak egiten zitzaizkidan. Denetariko ikasleak ginen, gainera: Magisteritzakoak, arkitektoak… Orduan, bakoitzak bere mundutik begiratzen zion modari.

Oinarrizkoena dena, agian, jostea, alegia. Hori ikasten da?
Bai, noski. Azkenean dena ikasi dugu. Patronajea, haria zer den eta josteko makinan nola sartzen den, oihal bat nola sortzen den ikasi… Oinarrizkotik hasi gara. Eta nire kasuan, arlo honetan ez nekien gauza askorik. Noiz edo noiz barrenak hartu dizkiet galtzei etxean, baina hortik aurrera ez dut ezer askorik egin.

Zer iruditu zaizkizu ikasketak?
Beldurra ematen zidaten. Ez dakizu zerekin topatuko zaren. Zaila da norberak buruan duen ideia errealitate bihurtzea arropa batean, eta prozesu luzea du atzean. Hasieran, ez duzu uste gai izango zarenik. Oraindik ere harrituta nago nola izan garen denok kapazak norberak bere kolekzio osoa egiteko. Hori ikasturte hasieran pentsaezina zen.

Ikasle bakoitzak, beraz, kolekzio bana aurkeztu behar izan zenuten graduondokoaren amaierako proiekturako.
Bilboko Bizkaia Aretoan aurkeztu genuen ekainaren 22an. Kurtso hasieratik bagenekin kolekzio bat aurkeztu beharko genuela ikasturte amaieran, baina bi hilabete lehenago nondik jo ere ez genekiela geunden.

Amaierako lan horretan babes askorik gabe sentitu zineten.
Beno. Kontua da amaierako lan horren prozesua ez zegoela oso bideratuta. Gauzak egiten erakusten dute, baina gero proiektua aurkezteko garaian ez dute kasu handirik egiten. Eta, berez, proiektu hori aurrera eramateko baliabideak behar dituzu. Batzuetan galduta sentitzen ginen, ideiak bagenituen, hau da, zer oihal mota erabili, zein teknika gauzatu, baina ez genekien hori arropa batean nola jarri. Proiektura zuzendutako ikasgai eta denbora gehiago behar izan genuen. Baina, beno, guztiok lortu genuen kolekzioa aurrera ateratzea.

Zure kolekzioak XXXXX izena du. Zer esan nahi du?
Jostorratzaren puntadaren marrazkia iradokitzen du. Eskuz egindako irudi baten itxura hartzen du, eta nire proiektuan eskulanak garrantzia handia duenez, izen hori jartzea pentsatu nuen. Ahoskatzeko edo esateko ez da egokia, agian, baina nik, azkenean, gehiago ikusten dut irudi bezala.

Zer lortu nahi zuenen zure lanarekin?
Oso argi nuen gauza atseginak egin nahi nituela. Lasaiak, eta janzteko orduan aske sentiarazten dutenak. Material naturalak erabili nahi nituen, ingurumenarekin errespetuzkoak, eta aldi berean goxotasuna transmititzen zutenak.

Zer material erabili dituzu?
Artilea erabiliko nuela banekien, artilearekiko obsesioa dudalako. Orduan, ehunaren gainean probak egiten hasi nintzen, eta hor agertzen ziren formak arropetan jarri nituen. Eskuz egindako ehungintza eta oihalen arteko teknika nahasi nahi nuen, eta bien arteko mundu horiek bat bihurtzea. Erabilitako oihalak lihoa eta kotoia izan dira, eta kolore aldetik neutroak. Ez dut pinturarik erabili; beno, kolore beltzean bakarrik, baina, bestela, naturalak izan dira. Kolekzioaren prozesua probak egiten joatea izan da, ez dut izan patroi finkorik definituta. Maniki bat daukat etxean eta horren gainean telak jartzen joan nintzen, modelazioak eginez. Alegia, manikiaren gainean joan nintzen eraikitzen arropa, eta eraikitze horretatik atera nuen patroi erreala, gero arropa izan zena.

Desfilean benetako modeloek jantzi zituzten zuen kreazioak. Nola aukeratu zenituzten?
Bilbon modeloen agentzia bat dago, eta gure irakasleetako bat jartzen da kontaktuan haiekin. Desfilea baino bi-hiru egun lehenago gelditzen gara beraiekin erabakitzeko zein pertsona den egokiena bakoitzaren jantziak eramateko. Azkenean denei ez zaizkie ondo geratzen arropa guztiak; orduan, arropak modeloaren tamainara egokitzeko denbora hartu behar duzu. Egia esan, neurri horiek pixka bat beldurgarriak dira.

Baina zure manikia eta modeloen gorputzak antzekoak izango dira.
Bai. Neurriak hain ezberdinak ez dira, baina galtzetan gehiago antzematen da. Nik ez, baina nire ikaskide batzuek arazoak eduki zituzten modeloekin. Ikaskideek galtzen tailajea parametro jakin batzuekin egin zuten, eta modeloekin probaketa saiora iristean, konturatu ziren modeloek galtza guztiak handiak zituztela. Desfilerako bi-hiru egun falta ziren eta guztia aldatu behar izan zuten. Oso denbora justua.

Emakumeentzako arropa bakarrik sortu zenuten?
Nik bai, baina ikaskide batzuek gizonentzat ere egin zuten. Umeentzako ez genuen inork egin. Horretaz gain, bazeuden kolekzio batzuk neutralak zirenak, bai neskek, bai mutilek janzteko modukoak.

Zer moduzko esperientzia izan zen desfilea?
Bizkaia Aretoaren barruan izan zen, patioan. Bertan, publikoa esertzeko jarrita zeuden aulkietatik zirkuitu bat jarrita zegoen eta handik desfilatzen zuten modeloek. Gu, diseinatzaileok, backstagean (eszenatokiaren atzean) ginen, barruan, eta ez genuen ezer ikusten. Kuriosoa da: norberaren kolekzioa aurkezten denean, diseinatzailearen momentua da eta diseinatzailerik ez dago aurrealdean. Zazpi ikasleon lanak amaitzean, bakoitza bere bi modelorekin atera zen jendaurrera. Lotsatuta atera nintzen, egia esan, eta urduri pasa nuen desfile guztia. Gainera, nire kolekzioa aurrena izan zen taularatzen. Lehenengoa izate horrek bazuen bere handicapa. Baina, beno, gustura gelditu nintzen esperientziarekin, eta familiartekoen eta publikoaren erantzun onarekin harrituta.

Laguntzen diezu zure arropak janzten?
Bai, noski. Modeloak panpinak bezalakoak dira. Modeloek berez ezin dute arropa ukitu. Beraz, ezin dute hartu arropa eta beraiek jantzi, nik jantzi behar izan nien. Eta batzuetan amorrua eta dena ematen dizu; izan ere, urduri zaude eta beraiek ez dizute laguntzen. Besoak altxatzen dituzte eta listo, geldi-geldi ipintzen dira. Ulertzen dut, hori da beraien lana, baina desfilearen aurreko momentu horietan…

Modeloen orrazkera, makilajea… Zuek erabaki zenuten?
Bai, baina hainbat kolekziotan modeloak errepikatu egiten ziren, eta pentsaezina zen ikasle baten kolekziorako izugarrizko makilaje edo orrazkera estrabagantea ipintzea, ondoren beste baten arropak jantzi behar bazituen, baten eta bestearen kolekzioek zerikusirik izan gabe. Orduan denok konklusio batera iritsi ginen, eta zerbait neutrala izatea adostu genuen.

Nolako harremana izaten da modeloen eta diseinatzaileen artean?
Batzuk oso jatorrak izaten dira, eta beste batzuk lanera baino ez doaz. Nik uste dut diseinatzaileek arreta gehiago jartzen diela modeloei, beraiek guri baino. Azkenean, gure lana da eraman behar dutena, bere esku dago zure lana ondo atera edo ez. Alde horretatik, balantza beraien alde dago, beraiei ematen zaie garrantzia, eta beraiek ere ez dute barregarri gelditu nahi. Ezagutzen ez ditugun pertsonak dira, baina konfiantza jarri behar da beraiengan.

Aholkurik eman zenien zure modeloei?
Ondo pasatzeko esan nien, eta disfrutatzeko. Azkenean, beraien lana nola egin baldin badakite, ni ez naiz inor esateko hau horrela edo bestela egin. Beraiek dakite ondoen nola egin behar duten. Esan nien nire jantziekin disfrutatzea espero nuela, eta jantzita zuten momentuan ongi pasatzea.

Desfilearen ondoren albiste on bat jaso zenuen.
Bai, hala da. Desfilearen egunean Enkarterri Fashion Box izeneko elkarte bat joan zen hara. Elkarte horrek urtero 30 diseinatzaile berriren lanak aurkezten laguntzen dute Bilbon eta Madrilen. Berritasunak aurkezteko helburua dute, diseinatzaile gazte eta berriei laguntzea, eta batez ere produktu lokalei indarra eman nahi diete. Kontua da nire ikaskide baten eta nire kolekzioa aukeratu zituztela urte honetako 30 diseinatzaile horien parte izateko. Desfilea amaitu ondoren etorri zitzaizkidan albistea ematera, eta sorpresa handia izan zen niretzat.

Irailean izan zinen Madrilen. Zer moduzko esperientzia?
Izugarrizko beroa egin zuela gogoratzen naiz… [Kar, kar, kar]. Erakusketa moduko bat izan zen. Eta, horretaz gain, diseinatzaileen hitzaldiak eta abar egon ziren. Azkenean, topaketa bat da. Ondo egon zen, azkenean beste diseinatzaileekin zaude, beraien lanak ikusten dituzu. Gainera, oso interesgarria da diseinatzaile horien hasiera entzutea, mundu horretan nola sartu diren jakitea, zer lan mota egiten duten ezagutzea... Eta, noski, nire lana aurkezteko aukera izatea, ederra izan zen.

Bilbon, berriz, urrian izan zinen.
Moyua ondoan eduki nuen nire txokoa, kalean. Fashion boxa deitzen da, bakoitzak bere espazioa dauka bere lanak erakusteko. Leku hau egurrezko kaxa moduko bat da, eta bertan jartzen dituzu arropak zure lanaren azalpenarekin.

Etorkizun hurbilean, zein da zure helburua?
Moda munduan lan egitea zaila da. Nire kolekzioa pixka bat zabaldu da eta alde horretatik pozik nago. Jendearen eskaerak izan ditut ezkontza baterako arropa egiteko eta abar. Baina, oraintxe bertan, ez dakit horrelako kontuetan sartzeko gai naizen. Kolekzio bat eginda daukat, baina gehiago egitea, momentu honetan, niretzat dirua da, inbertsioa, baita denbora ere. Gainera, ez dakit kapaza izango naizen orain eskaera horiei erantzuteko. Baina, beno, aldi berean pila bat eskertzen dut jendearen interesa. Badakit jendeari gustatu egin zaiola, eta horrek satisfazioa ematen du.

Gaur egun moda munduan ekintzailetza eredu asko daude: blogak, marka propioak… Zer iritzi duzu?
Zaila da, baina egia da baliabideak badaudela zure lana erakusteko. Baina lehen esan dudan moduan, ez dakit zenbateraino erantzun ahal izango diodan. Imajinatu zuk egin duzun jantzi bat milaka pertsonari gustatu zaiela; ba, mila pertsona horiek prenda berdina nahi dute, eta zuk horri erantzuteko gai izan behar duzu. Ni, behintzat, ez nintzateke kapaza izango.
Horretaz gain, nire arropa ez da mundu guztiarentzat egina, edo hori iruditzen zait, behintzat. Nire helburua ez da jende guztiarengana iristea. Nire arropa erosten duen horrek benetan erosten duela jakiteak betetzen nau. Azkenean oso baldintzatuta gaude guztiak gauza berdinak erostera, janztera.

Amaitzeko, zer da moda zuretzat?
Esango nuke izaera dela. Ideologia ere bai, baina neurri batean, oso pertsonala den gauza bat, eta definitzen zaituena. Egunero janzten gara nahi dugun bezala, eta horrek gainera gure ekintzak edo portaera bidera ditzake. Pertsona lotsati bat ez da estrabagante jantziko, adibidez. Azkenean dena lotuta doa. Beraz, moda, pertsona baten izaera dela esango nuke, alegia, norberaren izaera definitzen duena edo eraikitzen laguntzen duena. Baliabide bat da, azken finean, bai txarrerako, baita onerako ere.

Erlazionatuak