Urte Zaharrean gertatutako txikizioak gaitzetsi ditu Udalak

Baleike 2017ko urt. 2a, 15:28

Urte Zaharrean kalean egin ziren hainbat txikizioren aurrean oharra zabaldu du Udalak. Hemen irakur dezakezue.

Udalaren oharra:

Hondamendi horiek guztien arteko bizikidetza egokia eta zumaiar ororen ongizatea oztopatzeaz gain, herritarren segurtasuna arriskuan jarri ahal izan dutela azpimarratu du Udalak.

Urteko azken eguna egun berezia da, festa eta ospakizun eguna hain zuzen. Herria jendez gainezka egon ohi da eta alaitasuna nabari da kaleetan. Aurten gainera, Zumaiak protagonismo berezia izan du, San Telmo baseliza izan baita milaka eta milaka lagunek urtea agurtzeko aukeratutako agertokia.

Urtarrilaren 1a, ordea, ez da horren alai argitu Zumaian. Urte zahar gauean suntsiketa ugari egin dira herrian eta eraso eta ekintza bandaliko horien aurrean, Udalak hondamendi guztiak salatu ditu. “Udala edozein ekintza bandalikoren aurka dago eta horrelako jarrera guztiak gaitzesten ditu”.

Suntsiketen artean, Erribera eta Angeles Sorazu kaleen artean dagoen edukiontzi bat erre, Goiko tabernako toldoari su eman, Saregileen plazako loreak kendu, hainbat garajeetan su-itzalgailuak hustu eta Gabonetako argiteria eraitsi eta apurtzea izan dira nabarmenenak. “Horrelako ekintzek, zuzenean sortzen dituzten kalteez gain, zumaiarron arteko elkarbizitza egokia oztopatu besterik ez dute egiten. Gainera, Gabonetako argiteriaren kasuan, instalazioan segurtasun neurri guztiak bermatuta badaude ere, argiak eraisteak arriskuan jarri dezake edonoren segurtasuna”, adierazi du Udalak.

Amaitzeko, herritarren arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko errespetua oinarri izango duen herri baten alde lan egiten jarraituko duela berretsi du Udalak.