Txomin Plazaola: "Egunero bizitzak ematen didanaz disfrutatzen saiatzen naiz”

Baleike 2016ko aza. 28a, 10:02

Txikia zenetik izan du Txomin Plazaolak sormena lantzeko zaletasuna eta bere aitonak egiten zituen etxeko pelikuletan jantzien arduraduna zen. Hor hasi zen moda munduarekin duen harremana eta gaur egun Bartzelonan egiten du lan diseinatzaile eta irakasle bezala. Orain aste gutxi herrian izan dugu haurrentzako arropa bilduma bat aurkezten.

Diseinuak egiteaz gain, bi eskolatan klaseak ematen ditu eta zaletasun hori gazteei kutsatzeak zoriontsu bihurtzen duela dio. Bartzelonak eskaintzen dion bizitzarekin pozik dagoela dio elkarrizketa honetan.

Noiz somatu zenuen modarako zaletasuna?
Uste dut betidanik eduki dudala interes eta sentsibilitate estetiko nahiko garatua. Txikitatik gustatu izan zait marraztea eta andereei arropatxoak egitea. Familia titiritero xamarra dut, eta aitona Bixente Altuxak hori asko elikatu zigun. Antzerki eta fantasia mundua haren eskutik ezagutu nituen. Super8 pelikulak egiten genituen harekin eta ni arduratzen nintzen txiki-txikitatik arropa eta estilismoez. Amak betidanik josi izan zuen eta horrek ere eskola pixka bat eman zidan. Gaur egun, oraindik ere, amarena izandako josteko makina erabiltzen dut.

Eta noiz pentsatu zenuen "Honetara dedikatu nahi dut"?
Ba, Londresen urtebete pasa ondoren, Zumaiara itzuli eta Donostian hasi nintzen diseinu eskolan ikasten. Han nengoela, moda alorra garatu nahi nuela konturatu nintzen eta Bartzelonara joatea erabaki nuen.

Zer harrera izan zenuen inguruan? Etxean, lagunen artean...
Etxean beti ikusi zuten nire sentsibilitatea arte eta estetika inguruan zegoela. Txikitatik bultzatu ninduten pintura eta musika ikastera eta moda egin nahi nuenean guztiz lagundu zidaten. Izugarrizko zortea izan dut guraso eta familiarekin, betidanik jakin eta elikatu dute nire sormena.

Animatu egin zintuzten?
Bai, amak asko, jostea asko gustatzen zitzaion eta.

Zein izan ziren lehen pausoak? Kataluniara joan aurretik hemen moda inguruan lanik egin al zenuen?
Egia esan, egin-egin ez, baina amaren laguntzarekin egin genituen Jean Paul Gaultier-en arropetan inspiratutako pare bat kamiseta. Ama Birjinaren irudi bat estanpatu nuen eta amak lentejuelak josten lagundu zidan.

Eta Bartzelonara joatea erabaki zenuen. Zergatik?
Donostiako eskolak ez zuen moda espezializazioa eta erabaki nuen Lupe Agirre zumaiarrak ikasi zuen eskola berera joatea, Escola d'Arts i Tecniques de la Moda eskola ohira. Eskolaren eta Luperen oso erreferentzia onak neuzkan. 19 urte nituela joan nintzen Bartzelonara.

Zer da Bartzelona moda mundurako?
Ba, Espainia mailan esango nuke hiri moderno eta kosmopolitena dela. Gainera, historikoki ehungintza ikaragarria izan du, nahiz eta azken urteetan asko galdu izan den. Moda eta diseinu kultura handia dago hemen.

Zein izan dira moda munduko zure lehen pausoak?
Ba, lehenbizi tendentzia ofizina batean hasi nintzen praktiketan, tendentziak hausnartzen eta lantzen. Tendentzia liburuak egiten genituen, moda alor ezberdinetan lan egiten zuten enpresentzat, hariak eta ehunak egiten zituzten enpresentzat, baita jantzigintza enpresentzat ere. Diseinatzaile, berriz, Mataron hasi nintzen, enpresa batean, eta han hainbat bezero eta markarentzat bilduma ezberdinak garatzen genituen: Lee, El Corte Ingles, Lois... Gero, diseinu estudio batean egon nintzen Inditex taldearentzat puntu zirkularreko diseinuak egiten. Gero Burberry´s-en ere egon nintzen.

Zer bilakaera izan du zure ibilbideak?
Ba, bilakaera nahiko logikoa, behin eskolatik irtenda, lanpostuek esperientzia eman zidaten. Horrela, erantzukizun handiagoa zuten lanpostuetan jardun dut. Gaur egun freelance moduan egiten dut lan. Irakaskuntzan eta nire markez gain, hornitzaile batentzat egiten dut lan: Inditex taldearentzat egiten ditugu diseinuak.

Noiz hasi zinen zure diseinuak prestatzen?
Nire diseinuak beti nireak bezala sentitu ditut, nahiz eta marka batentzat diseinatu.

Zer duzu gustukoago, gizonentzako, emakumeentzako edo haurrentzako diseinuak egitea?
Egia esan, dena gustatzen zait. Ezin izango nuke bakarra aukeratu.

Orain gutxi Zumaian izan zinen Pototi izeneko haurrentzako bilduma aurkezten. Nola sortu da?
Pototiren sorrera Itsaso Granadosen Pauma dendaren proiektuarekin hasi zen. Hark bultzatu ninduen. Beti izan du nire lana gustuko eta hark animatu ninduen.

Zein da modako zure idoloa?
Idolo baino ikono estetikoak ditut: David Bowie, David Hockney, Diane Vreeland, Frida Kahlo, Grace Jones, Isabella Blow, Grace Coddington, Klaus Nomi, Vivienne Westwood, YSL, Divine.... Asko dira, eta bakoitzak bere gauzak ditu.

Bartzelona bezalako hiri handi batera joan behar al da arrakasta izateko? Herri txiki batetik lan eginda ezin al da halakorik lortu?
Bartzelona bezalako hiri batek duen lan sarea ezin da konparatu Euskal Herriko herri txiki batekin. Beste alor askotan ere hala gertatzen da. Lucia Lacarrari, Andres Egigureni edo Peru Nolaskoaini galdetu, bestela.

Zer eskaintzen dizu hiri honek?
Lana, gehien bat, baina baita bizimodu oso ona ere. Gustura nago Bartzelonan, nahiz eta orain erabat masifikatuta dagoen.

Non ikusten duzu zure etorkizuna? Eta non egon nahiko zenuke?
Ba, ez dut etorkizunean gehiegi pentsatzen; egunero bizitzak ematen didanaz disfrutatzen saiatzen naiz. Ama oso gazte hil zitzaidan eta horrek asko markatu ninduen. Bizitza egunero bizi behar da eta egunero barre asko egin.

Hasieran zenituen ametsak gauzatzen ari direla uste al duzu?
Ba, baietz esango nuke. Diseinu munduan pixkanaka lekutxo bat egin dut eta gustura nago. Gainera, bi eskolatan jarduten dut irakasle bezala, IDEPen (Escola Superior d'Imatge i Disseny) eta IEDen (Escola Superior de Disseny), eta inoiz ez nuen pentsatuko zenbat gustatzen zaidan. Gazteei modarako zaletasuna kutsatzeak eta nola garatzen diren ikusteak oso zoriontsu egiten nau.

Motzean:

-Ikasketak: Moda diseinuan graduatua.
-Zaletasunak: Zinema, literatura, antzerkia, musika, moda, diseinua, artea orokorrean, gastronomia eta klubetako kultura eta festak.
-Zer da Bartzelonatik gehien gustatzen zaizuna? Pluralitatea, klima, kosmopolita dela, itsasoa duela, tamaina ertaina duela eta hemen ditudala lagun eta familia parte bat.
-Eta gutxien? Low cost turismo inbasiboa eta udarako tenperatura altuak.
-Zumaiako zerbaitekin akordatzen zara bereziki? Familia eta lagunak, euskaraz jardutea, hango lekuetan paseatzea, hango bizitza erritmo lasaia eta aitaren ogia eta plazako arrain, letxuga eta tomateak.