Herriak lotu, bidegorriak amaitu

Arroa Beheko auzo elkartea 2016ko aza. 23a, 10:16

Arroa Beheko auzotarrok, aspaldi hasi genuen Urola Bailara osoa elkartuko lukeen, eta ondorioz, gure herri txikia inguruko beste herriekin lotuko lukeen Bidegorriaren aldeko borroka.

Azken urteetan aurrerapauso asko egin dira bide honetan (Zumaiatik Narrondorainoko zatia edota Lasaotik Zestoarainoko bidea erabilgarri jarri da, adibidez), eta egun, Legazpi eta Zumaia Bidegorriz elkartzeko falta den zati bakarra Iraeta eta Narrondo artekoa da. Hasitako bideari jarraiki, Gipuzkoako Aldundiaren lehentasunetako bat bide hau amaitzea izango zela pentsatzen bagenuen ere, prozesua nahiko geldirik dagoela ikusi dugu. Ondorioz, hainbat herritar elkartu eta lanean hasi gara gure ahotsa eta eskaera dagokion lekura iritsi daitezen.

Herri txiki batean bizitzeak alde on asko baditu ere, badaude bizimodua zailtzen duten aspektuak, eta seguraski, kotxearekiko erabateko menpekotasuna edukitzea izango da alde txar horietan nagusiena. Arroarrok lotura estua daukagu gugandik gertuen kokatzen den Zumaiarekin, eta gutako askok, egunean behin baino gehiagotan egiten dugu joan-etorria kotxez (kilometro bat baino gutxiago falta da Arroa Zumaiarekin Bidegorriz lotzeko). Berdina gertatzen zaigu Zestoarekin ere, udaletxea, osasun zerbitzuak… han dauzkagu, eta bertaratzeko kotxea hartu behar izaten dugu, honek dakartzan arrisku eta mota ezberdinetako kostuekin. Gainera, kalteak are nabarmenagoak dira, kotxea hartzerik ez duten eta besteekiko dependentzia areagotzen zaien haur, gazte edota helduen kasuan. Bidegorria egiteak, bide hau oinez edo bizikletaz seguru egiteko aukera eskainiko lioke edozeini. Ez gara gutxi batzuen kapritxoaz ari beraz, herritar guztion ongizatea eta bizi kalitatea nabarmen hobetuko duen proiektuaz baizik.
Dena den, argi daukagu, aldarrikapen hau ez dela arroarron kontua soilik, bailara osoarena baizik. Legazpi, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia LOTUKO dituen Bidegorria estrategikoa da bailararentzat, eta egun, Legazpi eta Zumaia artean dauden 45 kilometrotatik 5 kilometro baino ez dira falta bide hau AMAITZEKO.

Gipuzkoako Bidegorri sarearen eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun sailari dagokio, eta beraz, berari dagokio bide honetan aurrerapausoak ematea eta hasitako proiektua amaitzea. Dena den, gure bailarako udalei, eta gure ordezkari den eta egiteko falta den zatia barne biltzen duen Zestoako udalari bereziki, proiektu hau behingoz bukatu dadin indar egitea eskatzen diegu. Herritarrok berriz, gure esku dagoen guztia egiten eta gure aldarria behar den lekura iristeko indar egiten jarraituko dugu, geldirik egonda jai dagoela erakutsi baitigute. Horretarako, bide instituzionala jorratzen jarraitzeaz gain, herri ekimenak egitea beharrezko ikusten dugu.

Hau honela, Arroako, Zestoako, Zumaiako zein bailarako beste herrietako biztanleei datorren larunbatean, azaroak 26, Narrondo eta Zestoa artean egingo den Martxara etortzeko gonbita luzatzen dizuegu. Hasiera 11etan izango da Narrondotik (oinez, bizikletaz… nahi bezala) eta eguerdiko 12:30etan kontzentrazio zaratatsu batekin amaituko da Zestoako plazan. Bertan ikusiko gara!