'Zumaiako emakumeak lanean' erakusketa zabaldu da Oxford aretoan

Baleike 2016ko aza. 22a, 14:26

Lanean agertzen diren emakumeen argazkiez osatutako erakusketa zabaldu zen pasa den larunbatean Alondegiko Oxford aretoan. Zumaiako emakumeak lanean du erakusketak izena eta abenduaren 4ra arte ikusi ahal izango da, egunero, 18:00etatik 20:00etara. 

"Emakumeak ahaztuta egon dira", dio Erkibe elkarteko kide Joseba Esnalek aretoan. Udal Berdintasun Sailarekin batera antolatu du Esnalek argazki erakusketa hau. "Karmele Gomez berdintasun teknikariarekin egon nintzen behin eta esan nion banituela argazki batzuk eta emakumeei buruzko erakusketa bat prestatzea proposatu nion", azaldu du. 

XX. mendeko Zumaiako makina bat emakume ikus daiteke irudi hauetan. "Seguru garai hartan lanean aritzen ziren emakume asko kanpoan geratu direla, baina hauek dira guk aurkitu ditugunak. Beraiek, emakumeak, dira argazki hauen protagonista nagusiak. Ekonomiako arlo baloitzean emakumeak lanean aurkitzea izan da helburua".

Kontserbagintzak, despeskan, arrainak garbitzen, sareak konpontzen... Itsasoarekin edo arrantza munduarekin harremana duten lanetan ikusten dira erakusketako hasierako argazkietan. Lehenengo irudia, baina, familia argazki bat da: bikote bat, senarra eta emaztea, izan zituzten hamaika seme-alabekin. "Bitartetarren argazkia da. Hauek gerran kaltetuak izan ziren. Ama eta bere seme-alabak kanporatuak ere izan ziren. Amen lanaren erakusle bezala erabili nahi izan dugu argazki hau. Etxetik kanpo lan egiteaz gain, etxean bertan ere nahikoa ardura izaten zuten".

Orduko emakumeek maila baxueneko lanpostuetan aritzen zirela dio Esnalek. "Oso gazte zirela joaten ziren lanera. Garai hartan ez zegoen emakumerik agintean; beti ere gizonezkoen azpian zeuden. Etxeak eta umeak zaintzeaz gain, arrantzontziren bat heltzen zenean sareak konpontzera joan behar izaten zuten. Eta zer baldintzetan egingo zuten ba lan... Askotan familia giroan lan egin behar izaten zuten, inongo esker onik gabe". 

Itzurungo kantinan lanean, alberkan lanean, Errotaneko tabernan gizonezkoez betetako mailak zerbitzen, jozten erakusten, hainbat arduratan ikusten dira Zumaiako emakumeak lanean. "Argazki batean Errepublikako bi andereño ikusten dira. Jakin nahi ditugu zein diren, hauek ere gerra garaian errepresaliatuak izan ziren eta". 

Tarte berezia eskaini zaie aitzindariak izan diren lau emakumeei: Elbira Zipitria irakaslea, Balendiñe Albizu olerkaria, Julene Azpeitia irakasle eta idazlea eta Iñaxi Etxabe bertsolaria. Argazkiez gain, beraien zenbait lan ere erakusten dira. "Bideak zertxobait zabaldu zituzten emakumeak izan ziren". 

Memoriaz gain, erakusketarekin historia ere aztertzen dela dio egileak. "Memoria historikoa dago, noski, baina baita herriko historia ere, hemen jasotzen diren jarduera batzuk edo leku batzuk desagertuta baitaude. Hemen daudenetik, kontserbagintza bakarrik mantenduko da". 

Erakusketa honen beste helburu bat amu lanak egitekoa da. "Badakigu beste hainbat argazki izango dela herriko etxeetan eta, hauek ikusita, agian eman edo utziko dizkigute". Horrez gain, joko baten antzera, post it batzuk jarriko dira bisitarien eskura argazkietan ezagutzen dituzten emakumeak identifikatzeko.