Alex Uranga: "Aurrekoak baino gehiago balio du bosgarren postu honek"

Baleike 2016ko aza. 2a, 12:46
Pozik dago Alex Uranga Munduko Zirkuituan eman duen mailarekin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Bolada baterako maletak gordetzeko moduan da Alex Uranga. Hurrengo proba Zumaian izango du, Europako Zirkuitukoa, hiru asteburu barru. Bitartean, denboraldiaren balantzea egiteko tartea hartu du.

Kiroldegiko gimnasioan saioa eginda etorri da zuzenean hitzordura, bizikleta hartuta. «Sasoiari eutsi behar zaio», dio, urteko lanak ondo egin dituenaren lasaitasunarekin.

Itacoatiarako garaipena mugarria izan al da zure ibilbidean?

Dudarik ez. Nik banuen Munduko Zirkuituan zerbait handia egiteko premia eta gogoa. Halaxe sentitzen nintzen, ikusten nuelako maila banuela onenei aurre egiteko baina falta zitzaidan emaitza bikain hori. Eta hori Brasilen iritsi zen. Handik aurrera, denboraldia ezberdina izan da, azken probaraino egon naizelako Munduko Zirkuitua irabazteko aukerekin.

Bost onenen artean egon zara udatik hona, titulua lortzeko lehia horretan erabat murgilduta. Presio hori nabaritu al duzu?

Abuztuko etenaldiaren ondoren, Sintran (Portugal) bai sentitu nuela presio hori. Ni beti izan naiz erabaki bat hartu eta horri heltzekoa; Sintran zalantza gehiagorekin ikusi nuen nire burua uretan. Baina gero uste dut ondo eraman dudala.

Zuk beti egiten diozu autokritika zure buruari. Aurten zer ikasi duzu?

Konturatu naiz txapelketa aurrera doan neurrian, kanporaketa batzuk gainditzen ditudanean, lasaitu egiten naizela, erlaxatu egiten naizela. Hori ona izan daiteke, baina konturatu naiz nire lanean zentratzen naizela aurkaria behar bezainbeste zaindu gabe. Eta oso inportantea da zure lanean zentratzea, baina kanporaketa parekatuetan oso inportantea da baita ere aurkaria zaintzea, erraztasunik ez ematea. Askotan hamarreko gutxirekin erabakitzen da nork egiten duen aurrera eta nork ez. Hori hobeto zaindu beharra daukat.

Bosgarren izan zara aurten, duela bi urte bezala, baina balio berbera al dute?

Ez, aurrekoak baino gehiago balio du bosgarren postu honek, dudarik ez. Aurten sekulako maila egon da, lehia estua egon da txapelketa lortzeko; belaunaldi berri bat ere agertu da zirkuituan, indar handiarekin; bada, neu hor egon izana bukaera arte, emaitza bikaina da.

Iazko lesioak eta kezkak atzean utzita, datorren urtean berriro goian egotea izango da helburua, ezta?

Gogoz eta, batik bat, mailaz, onenekin lehiatzen segitzeko moduan ikusten dut nire burua. Behintzat beste urtebetez jarraitu nahi dut hor goian. Baina kontua da une honetan ezin dudala ezer ziurtatu, diru kontuak ondo lotu behar direlako. Tamalez, borroka horrekin jarraitzen dut urtero, kontratuak eta laguntzak ez direlako nire emaitzen neurri berean hazi. Baina zirkuituko proba garrantzitsuenetan egotea da nire asmoa.

Eta hiru asteburu barru Europako Zirkuitua dator Zumaiara...

Bai, aurreko bi urteotan ez da antolatu, baina albiste ona da berriro Zumaian antolatzea. Aurten, gainera, emakumeen proba ere egongo da. Europako eta Marokoko onenak Zumaian izango dira, eta espero dugu txapelketa bikaina ateratzea eta Itzurungo hondartzan giro eder bat sortzea bodyboardarekin.