Egigurenek eta Enbilek irabazi dute Gernikan

Baleike 2016ko aza. 1a, 11:12
Enbil, Egiguren, Hormaetxea eta Lopez, atzo, Gernikako 'katedralean'. Argazkia: Jai Alai News

Zesta punta denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetakoa izaten da urtero urriko azken astelehena Gernikan. Atzoko jaialdiko partida nagusian bi zumaiar izan ziren aurrez aurre: Enbilek Egiguren izan zuen bikotekide aurrean, Lopezek Hormaetxea izan zuen lagun. Partidak ikusmin handia piztu zuen, Lopezek bi urte baitzeramatzan Euskal Herrian jokatu gabe. Gernikako frontoia goraino beteta, Egigurenek eta Enbilek irabazi zuten, luzapenean: 15-11, 13-15 eta 5-2.

Udan lortutako binakako txapelketa ederki defenditu zuten atzo Mikel Egigurenek eta Gotzon Enbilek Gernikan. Alex Hormaetxea eta Imanol Lopez pilotari bikainak dira, baina txapeldunei irabazteko lanak oso ondo egin behar dira, ia bikote perfektua osatzen dutelako: oso seguruak dira beti, apenas egiten dute behartu gabeko hutsik, sasoi betean daude, enbil horma bat da atzean eta Egigurenek sekulako trebezia du aurrean tantoak amaitzeko.

Partida hasieratik sumatu zen bi bikoteen arteko aldea. Hormaetxeari eta Lopezi kostatu egin zitzaien partidan sartzea. Normala da, kontuan hartuta Lopezek urtebete daramala zestan serio jokatu gabe. Hormaetxea errematatzaile petoa da, baina agian Egiguren du aurkari deserosoena aurreko koadroetan. Egigurenek eta Enbilek dominatu zuten jokoa lehen setean, eta 15-11 irabazita lortu zuten lehen puntua.

Bigarren seta bide beretik hasi zen, urdinen nagusitasunarekin. Baina orduan hasi zen Lopez pizten. Kostatu zitzaion partidari neurria hartzea, baina benetako Lopez agertu zenean jokoa iraultzeko gaitasuna ez duela galdu erakutsi zuen beste behin. Pilotakada bortitzekin eta eskuinez min handia eginez, partida gorrien alde jarri zuen. Egigurenek eta Enbilek ez zuten amore eman, erronkari eutsi zioten eta oso parekatua joan zen markagailua, baina azkenean 13-15, puntua urdinentzat, eta harmailetan zoramena partida luzapenean erabakiko zelako.

Desenpatean, lehen tantoa gorrientzat izan zen arren, Egiguren eta Enbil serio jarri ziren berriro eta eta zituzten aurkarien akatsak barkatu. Azkenean, 5-2 txapeldunentzat, zesta puntaren jai egun handienean.