Herri mailako surf txapelketa jokatuko da asteburuan Itzurunen

Baleike 2016ko urr. 7a, 10:42

Zumaiako XVII. surf txapelketa herrikoia jokatuko da asteburu honetan Itzurun hondartzan. 53 surflarik eman dute izena. Kopurua ikusita, Ziske klubeko antolatzaileek txapelketa bi egunetara luzatzea erabaki dute.

Surf master, surf open, surf junior (16 urtez azpikoak), longboard, boy master, body open eta body junio (16 urtez azpikoak) mailatan banatuko dira parte-hartzaileak.

Larunbatean goizeko 8:00etan jokatuko dira lehen txandak eta egun osora luzatuko dira. Igande goizean txapelketako finalak eta sari banaketa izango da. 13:00ak aldera bukatuko dutelakoan dira antolatzaileak. Txapelketak irauten duen denboran parrilada izango da.

Txapelketak geldialdia izango du larunbatean, 13:00ak aldera. Ordu horretan argazki bat aterako da Itzurun errespetatu lemapean. Santelmopera bidean zegoen harrizko horma kentzeak eragin du argazki hau ateratzea.