'The Trip to Spain' telesail britainiarrerako irudiak grabatu dituzte eskualdean

Baleike 2016ko ira. 15a, 13:49
Steve Coogan eta Rob Brydon, herenegun, Getarian.

The Trip to Spain telesail britainiarrarentzako irudiak grabatu berri dituzte eskualdean. Herenegun Getariako jatetxe batean grabatu zuten eta atzo Zarauztik Zumaiara kotxez egindako bidearen irudiak hartu zituzten. 

Telesail honen hirugarren denboraldia ari dira grabatzen une honetan espainiar estatuko zenbait kokapenetan eta egunotan Euskal Herrian dira. The Trip Michael Winterbottom zinegilea (Wonderland, Genova eta A cock and bull story bezalako harribitxien zuzendaria) eta Steve Coogan eta Rob Brydon aktore britainiarrak biltzen dituen umorezko telesaila da, azken urteotan sortutako bitxinietakoa.

Umorea, gastronomia eta inprobisazio ugari aurkitu daitezke bertan. Egunkari baterako kritika gastronomikoak kontratatu dituzten bi pertsona dira protagonistak. Bai jatetxetan, baita autoz egindako bidaietan, ia inprobisatutako konbertsazioak izaten dituzte eta ez dira falta aktore edo pertsonaia famatu ugariren imitazioak ere. Hitzekin ez da erraza azaltzea zer den telesail hau, baina 2000. urtean lehenengo denboraldia grabatu zutenetik jarraitzaile sutsuak ditu.

2000. urte hartan Ingalaterra iparraldeko Lake Districta zeharkatu zuten jatetxez jatetxe. Lehen denboraldiak izandako arrakastari erantzunez, bigarren bat egin zuten, hau Italian: The Trip to Italy. Lehen bi denboraldiak BBC telebista katerako egin ziren eta hirugarren hau Sky Atlantic kateak emango du. Eskualdean egon ondoren, gaur Pasaia eta Hondarribia artean izango dira.

Erlazionatuak