Enbil eta Goiko, finalaren atarian

Baleike 2016ko ira. 7a, 19:30

Hamaika aldiz izan dira bikotekide, txapelak ere irabazi dituzte elkarrekin, baina larunbatean aurkari izango dira Jai Alai World Tourreko finalean, Donostiako Baldan (18:00etan). Finala nola ikusten duten galdetu diegu biei: "Jokoa bizitzen eta jokaldiak errematatzen saiatuko gara", aurreratu du Goikok; "Balda pilotaleku handia da eta atzean egon daiteke gure aukera", Enbilen itxaropena.

Mikel Egiguren izango du Enbilek lagun aurrealdean; Ibai Erkiaga izango du Goikok atzean. Bi zumaiarren artean ez dago sekreturik, eta badakite lana gogotik egin beharko dutela finala irabazteko. «Egigurenek eta Enbilek bikote oso konpletoa osatzen dute; gu saiatuko gara jokoa bizitzen, jokaldiak errematatzen», aurreratu du Goikok. Enbilek ere badu bere errezeta: «Goiko tartean badago, inoiz ezin duzu zure burua faboritotzat eman. Erkiaga ere oso ondo moldatzen da finaletan, presioarekin; Balda frontoi handia da eta agian atzean egon daiteke gure aukera».

Biek ere behetik gora egin dute Jai Alai World Tour hasi zenetik. Enbilek denbora asko zeraman jokatu gabe, baina pixkanaka sasoia hartu du eta orain joko maila onean dago. «Belauneko ebakuntza izan nuen eta hilabeteak pasa dituk osatzen eta pixkanaka entrenatzen. Udaberrian hasi nintzen serioago entrenatzen, baina partidek beste erritmo bat eskatzen dute eta hori txapelketan zehar hartu dut pixkanaka». Goikok orkatila dauka minduta txapelketa hasieran okertu zuenetik, baina finalerako ez du arazorik espero: «Udak aurrera egin duen neurrian, partidak jokatu ahala, sasoiz eta jokoz hobeto ikusi dut nire burua; orkatila minduta daukat, baina hamar eguneko atsedena izan nuen eta hobera egin zuen. Finalerako ez da aitzakia izango».

Finalaurrekoak Zumaian jokatu zituzten, joan den ostiralean. Enbilek eta Egigurenek uste baino errazago hartu zituzten mendean Beaskoatxea eta Aldazabal iazko txapeldunak. «Aitzuri pilotaleku bizia da eta bagenekien ez zela batere egokia Aldazabalentzat; mutil luzea da, eta askoz erosoago sentitzen da frontoi handiagoetan, motelagoetan», azaldu du Enbilek. Beaskoetxeak bere maila eman zuen arren, atzean erabaki zen partida Egiguren eta Enbilen alde, bi setetan.

Goikoetxeak eta Erkiagak lan gehiago egin behar izan zuten Erik eta Lekerika kanporatzeko. Lehen setean espero baino akats gehiago egin zituzten, atzean batik bat, eta partida maldan gora jarri zitzaien. Baina bigarren zetean atera zuen Goikok barruan daraman txapelduna. Kantxaren jabe egin eta sekulako erakustaldia eman zuen, harmailetan bildutako ikusleen gozamenerako.

Madril eta Mexiko

 

World Tourraren inguruan antolatu da zesta puntako udako sasoia, eta gustura daude biak finalera iritsita. «Zumaian jokatu diren jaialdietan jendeak ondo erantzun du, eta beste frontoietan ere giro polita egon da», azaldu du Enbilek. Baldako finala jokatu ondoren, Madrilen eta Mexikon (Espainia) txapelketa bana jokatzeko aukera izango omen dute. «Aurrena buruz-burukoa jokatuko da, eta gero Madrilen eta Mexikon ari dira zerbait prestatzen. Aurrera ateratzen bada, han izango naiz», azaldu du Goikok. Zumaiako pilotalekuan ere txapelketaren bat antolatzea ondo ikusiko luke Goikok, «negua hain luze egin ez dadin».