'Kalefood market' ekimena izango da asteburuan Zumaian

Baleike 2016ko ira. 6a, 17:44
Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Gastronomia, artisautza eta musika uztartzen ditu. Bederatzi food truck, hamahiru artisau postu eta bi musika talde izango dira asteburuan Zumaian. Ostiralean eta larunbatean egingo dira ekitaldiak Eusebio Gurrutxaga plazan

Denok ezagutzen ditugu herrietako festetan, iluntzetik aurrera, janaria banatzen aritzen diren furgonetak, modu herrikoian furgofarra bezala ezagutzen direnak. Food truck izenarekin jatetxe ibiltari hauek modan jarri dira azken urteotan. Ez dira patata frijituetara eta hanburgesetara mugatzen; ustez janari osasuntsuagoek ere bere tartea izaten dute. Halako bederatzi furgoneta kokatuko dira asteburuan Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazan, Kalefood market jaialdiaren baitan.

Kimmu eta Gastrokulturala abian jarritako ekimen ibiltaria da hau, eta gastronomiaz gain artisautza eta musika ere uztartzen ditu. Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herri eta hiri ukituko dituen zirkuitu ibiltari hau abuztuaren 27an eta 28an jarri zen martxan Mutrikun eta hurrengo asteburuan Lizarran izan zen. Datozen geldialdiak Zumaia, Deba eta Donostia izango ditu.

Antolatzaileek "une bereziak" sortzea dute helburu, "non herritarrek giro alternatibo eta ezberdin batez gozatzeko aukera izango duten". Hala, ostiralean eta larunbatean, eguerdiko 12:00etatik aurrera, era ugaritako janariak (kroketak, ogitartekoak, janari mexikarra, fish & chips...) emango dituzten bederatzi food truck izango dira Gurrutxaga plazan. Horiez gain, hamahiru artisauren postuak ere izango dira eta baita kontzertuak ere.