Aparkalekua Estazioko industriagunean eta TAO kanpotarrentzat

Baleike 2016ko ira. 3a, 11:50

Aparkatzeko arazoen inguruan egin dugun inkestak hau dio: gehiengoak Estazioko industriagunean jarriko luke aparkalekua bisitarientzat; herrigunean TAO jartzekotan, soilik kanpotarrentzat; eta gehiago dira lur-azpiko aparkalekua egitearen aldekoak kontrakoak baino.

Herrian uda partean aparkatzeko izan ditugun arazoak ikusita, aste honetan herritarren iritzia jasotzeko ahalegina egin dugu. Aurrena, kale inkesta bidez jaso genituen zumaiarren eta bisitarien hainbat ideia eta proposamen, eta gero horiek webgunera ekarri ditugu, bozketa bidez zuen iritzia ere biltzeko. Hauek ondorioak, laburrean:

1.-Herriaren kanpoaldean aparkaleku handi bat jartzea izan da kaleko inkestetan gehien agertu den proposamena.  Non jarri izan da webean galdetu duguna, eta gehienek Estazioko industriagunea aukeratu dute; kirol portua izan da bigarren aukera bozkatuena.

2.-Herrigunean ordainpeko guneak jartzearen inguruan, gehienek onartuko lukete baina soilik kanpotarrentzat balitz. Askok, hala ere, ez dute nahi TAOrik.

3.-Eta lur-azpiko aparkalekua izan da kaleko inkestetan agertu den hirugarren proposamena. Baiezkoak dira boto gehienak, baina aldea ez da ikaragarria izan.

Inkestetako emaitza zehatzak ikus ditzakezue beheko loturetan.