Jai Alai World Tourreko finalaurrekoko puntistak Zumaian izan dira

Baleike 2016ko abu. 31a, 17:20

Ostiralean, 21:00etik aurrera, Jai Alai World Tour zesta punta txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira Aitzuri frontoian. Pilotariak gaur Zumaian izan dira, piloten aukeraketan eta frontoia ezagutzeko aukera izan dute.

Uda honetan jokatu da Gernika Jai Alai eta Jai Alive enpresek antolatutako Jai Alai World Tour txapelketa. Lehen fasean enpresa bakoitza bere aldetik aritu da eta puntu gehien lortu dituzten pilotariekin final-laurdenak jokatzeko bikoteak osatu zituzten. Final-laurdenak Hondarribian eta Donostian jokatu dira eta bi enpresetako bikoteak gurutzatu dira bertan. Irabazle suertatu diren pilotariak pasa dira finalaurrekoetara.

Bi partida hauek jokatuko dira ostiralean Zumaian: 

- Egiguren-Enbil / Beaskoetxea-Aldazabal

- Goikoetxea-Etcheto / Erik-Lekerika

Etcheto ezik beste zazpi pilotariak Aitzuri frontoian izan dira gaur. Gernika Jai Alai enpresako pilotariek lehen aldiz jokatu dute gaur Zumaiako pilotaleku berrian.

Sarrerak aurrez salgai daude Lubaki kiroldegian, 10 euroan. Ostiralean frontoiko leihatilan ere salgai izango dira.

Partidak 21:00etan hasiko dira, baina ordu batzuk lehenagotik arituko da Zumaiako Kirol Elkartea giroa jartzen. Hala, 19:00etatik aurrera, parrilan egindako hanburgesak eta saiheskiak salduko dira. Taberna ere jarriko da frontoi kanpoaldean.