Eguzkia hasten (omen) da

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2016ko abu. 13a, 10:42

Paoleko barrak itxita jarraitzen du. Lanak uztailaren amaieran hasi behar omen zituzten, baina ez da mugimendurik. Okerrena da, ordea, hesiak itxita jarraitzen duela eta batzuk ezin direla pasa.

Duela pare bat hilabete hemen zerbait (“Hesiaren beste aldean dagoena”) idatzi nuen Paoleko barraren egoeraz; ahalegindu nintzen erakusten nola zegoen, eta, batez ere, itxita mantentzeko inolako arrazoirik ez zegoela azaltzen. Pare bat egun geroago, jakin genuen barra konpontzeko lanak udan zehar egingo zituztela (ikusi hemen) eta hilabete geroago gutun bat ere irakurri genuen (ikusi hemen), “Zumaiako herritar guztiei” zuzendua, non Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak, Almudena Ruiz de Angulo del Campo andreak, etorkizunean egin beharreko lanen azalpen teknikoez gain, aitorpen batzuk ere egiten zizkigun hasieran: “Badakigu moila hau paregabeko behatokia dela sartalde ikusgarriez gozatzeko. Horrez gain, paseatzeko leku bikaina eta herritar guztien topaleku ere bada, Zumaiara turismoa erakartzeko gunea izateaz gain”. Lanak iragarri zituztenetik, pasa dira bi hilabete, eta gutun hura irakurri genuenetik hilabete, eta oraindik lanak hasi gabe daude. Normala ere iruditzen zait atzeratzea lanak, hain obra handia izanda eta opor-garai honetan. Baina ez zait normala iruditzen eta bai lotsagarria, barkagaitza, barrako hesiak itxita jarraitzea obrak hasi bitartean, eta zumaiarroi pasabiderik ez uztea, Puntako haitzetik ezin aurrera joatea (ez bada hesia saltatuta). Sei hilabete pasa, urte erdia, daramagu horrela.

Nik dakidala, bi hilabete hauetan bi aldiz, behintzat, zabaldu dute hesia estropadak zirelako. Zabaldu aurretik, pixka bat txukundu egin zuten ingurua (harri eroriak kendu, hesiak jarri toki batzuetatik ez pasatzeko…), eta estropadetan ez zen inolako arazorik izan. Harrezkero ez da beste lanik egin, bere horretan dago. Orduan, egun horietan zabaltzeko arazorik ez baldin bazegoen, zergatik ezin da irekita egon gainerako egunetan? Zergatik egon behar du pasabideak itxita lanak hasi bitartean?

Aitortuko dizuet: sarritan egiten dut salto hesiaren gainetik, goizean saltaka egitera joateko edo arratsaldean paseatzeko, baina beti sentsazio xelebre bat izaten dut, okerren bat egiten ariko banintz bezala, eta ez dut uste hala izan behar duenik. Ibili-ibili eginda, ohitu ere egingo gara barra itxita egotera, barrarik ez bagenu bezala.

Askotan akordatzen naiz egunero Paolean paseatzeko ohitura daukatenekin, batez ere jende edadetuarekin, Puntako haitzera iritsi eta hesiaren aurrean nola geratzen diren kieto, pasabidea itxita, etsita, eta bereziki eguzkia sartzen ikustera barrara joaten zirenekin. “Eguzkia hasten da jaitsitzen, jaitsitzen…” dio “Ilunabarra” abesti zoragarriak, baina batzuek “omen”-ekin kantatzen dute azkenaldian, ez dutelako ikusi urrezko bolaren dizdizera ederrik itsaspean sartzen.