Kauldi Odriozola eta Ander Torriko Europako txapeldun

Baleike 2016ko abu. 7a, 20:19

Kauldi Odriozola eta Ander Torriko zumaiarrek Europako junior mailako eskubaloi txapelketa irabazi dute Espainiako selekzioarekin. Espainiak 30-29 emaitzarekin irabazi dio finala Alemaniari, ondo sufritutako partidan. 

Partidaren lehen zatian erasoko jokoa nabarmendu da defentsaren gainetik. Alemaniak gol bat sartzen zuen eta berehala Espainiak berdinketakoa lortzen zuen. 10. minutuan lortu du Espainiako selekzioak markagailuan aurretik jartzea eta une horretan defentsa gogortu du. Alemaniarrek zailtasun handiagoa izan dute une horretan erasoko jokoan. Horren erakusgarri da lehen zatiko azken 20 minutuetan hiruzpalau gol besterik ez dituztela sartu. Pixkanaka, baina Espainiako selekzioa nagusitzen joan da eta baita aldea handitzen. Atsedenaldira hiru goleko aldearekin joan da Espainiako selekzioa (12-9).

Bigarren zatia lehenaren antzera hasi da: eraso azkarrak eta golak bi selekzioen aldetik. Espainia lau goleko aldea izatera heldu da, baina Alemania bezalako aurkari handiekin ezin da inoiz ezer ziurtzat jo. 40. minutuan Espainiako erasoko jokoa kateatu egin da. Ezin izan diote Alemaniaren 6-0eko defentsari aurre egin eta golak sartzeko lan asko egin behar izan dute. Alemaniarrak, aldiz, aldea jaten joan dira poliki-poliki. Lau, hiru, bi, bat eta, minutu baten faltan 25nako berdinketa. Partida eta txapelketa amaitzeko minutu bakarraren faltan, Alemaniak izan du baloia eskutan eta Europako txapeldun bihurtzeko aukera ezin hobea. Zorionez, ez dute asmatu eta luzapenera joan dira bi taldeak. 

Bosna minutuko bi zatiz osatu da luzapena. Bigarren zati ia osoan bezala, Espainiako selekzioak ez du Alemaniaren defentsa hausten asmatu. Beraiek izan dira, gainera, markagailuan aurretik jartzen aurrenak, baina luzapeneko lehen zatiaren amaieran lortu du Espainiak berriro berdinketa (27-27).

Luzapeneko bigarren zatiko heroia Ledo Espainiako selekzioko atezaina izan da. Ez egindako geldiketengatik bakarrik, bi gol sartuelako ere bai: Alemaniak erasoko zazpi jokalarirekin eta atezainik gabe jokatu du. Alemaniarrek erasoan baloia galtzean, denborarik galdu gabe, bere atetik bi gol jarraian sartu ditu Ledok. Hala, 29-27 jarri da Espainia aurretik partida amaitzeko hiru minuturen faltan. Izan dira gol gehiago, baina nahikoa ez aldea jateko. 70 minuturen amaieran, Espainia 30, Alemania 29. 

Kauldi Odriozolak eta Ander Torrikok ez dute luzitzeko aukera handirik izan gaurko partidan. 45. minutuan jarri ditu hautatzaileak jokoa suspertzeko. Kauldik alemaniarren erasoko bi falta eragin ditu eta hegaletik gol bat ere sartu du. Anderrek jokoan sartu eta minutu gutxira lesioa izan du ezker besoan. Luzapena aulkitik jarraitu behar izan dute. Ahaztuko ez dutena gaur erdietsitako garaipen handia izango da.