Hamargarren ekitaldia ospatuko du aurten Zumaiako Triatloiak

Baleike 2016ko abu. 4a, 20:00

Esprint distantziako Gipuzkoako Txapelketa eta triatloi herrikoiaz gain, haurrentzako duatloia eta akuatloia antolatu dituzte. Irailaren 3an jokatuko da eta izen ematea zabalik dago.

Kirola sustatzea da Zumaiako Triatloiko antolatzaileen helburu nagusia, eta bide horretan beste urrats bat egingo dute aurten, iazko egitarauari haurrentzako akuatloia gehituta. Horrela, esprint distantziako triatloia, triatloi herrikoia, eta haurrentzako duatloia eta akuatloia izango dira aurten irailaren 3an, hasi 13:00etan eta arratsalde osoan. Kirolaren festa paregabea Zumaiako Triatloiaren urtemuga borobila ospatzeko.

Aurrena 10-11 urteko haurrentzako duatloia jokatuko da, Gernikako parkean. Parte-hartzaileek 200 metro egingo dituzte korrika, gero bizikletan ur-araztegiraino joan-etorria, eta berriro korrika. Uneoro antolatzaileek gidatuta joango dira, lehiarik egon ez dadin. Ondoren, 15:00etan, akuatloia jokatuko da, aurtengo nobedadea, 12-13 urteko haurrentzat. Abascaletik Arranplara egingo dute igeri, korrontea alde; Arranplan irten eta korrika saioa osatu beharko dute turismo bulegoaren pareraino.

Hirugarren proba triatloi herrikoia izango da. Triatloia edozeinen eskura dagoela erakusteko eta kirolaren praktika sustatzeko jarri zuten martxan proba hau, eta urtero sekulako arrakasta du –dagoeneko agortu dira dortsalak eta izen-ematea itxita dago–. Arranplatik Moilaberrira egingo dute igeri (350 metro), bizikletan Muniosorora joan-etorria (10 km), eta korrika Paolaldera (2,5 km).

Eta azken proba, Zumaiako X. Triatloia, 18:00etan hasiko da. Esprint distantzian jokatzen da –750 metro igeri, 20 bizikletaz eta bost korrika– eta Gipuzkoako Txapelketa izango da aurten. Proba honetan parte hartzeko izena ematea zabalik dago oraindik, triatloi.org webgunean.

Bigarren aroa

Bi aro izan ditu Zumaiako Triatloiak. Lehena 2004tik 2008ra, eta distantzia olinpikoan jokatzen zen orduan. Hiru urteko etena izan zen gero, eta 2012an hasi ziren berriro antolatzen, talde berri batek ardura hartuta. Aurrez, 1995etik 1999ra, Azkoitiko Triatloia ere iritsi zen Zumaiara, igeriketako proba hemen jokatzen baitzen. Baina proba hura Azkoitian amaitzen zen, hango triatloi taldeak antolatzen baitzuen.

Erlazionatuak