Kauldi Odriozola eta Ander Torriko Europako txapelketako finalaurrekoetatik hurbil

Baleike 2016ko abu. 2a, 18:13

Espainiako selekzioko jokalariak, aldagelan, Frantziari gailendu ondoren. Argazkia: Twitter

Europako junior mailako eskubaloi txapelketa ari da jokatzen gaur egun Danimarkan. Bi zumaiar, Ander Torriko eta Kauldi Odriozola dira bertan Espainiako selekzioaren kamiseta defendatzen. Lan ederra ari da egiten taldea eta finalaurrekoak jokatzetik hurbil dago.

Lau partida jokatu ditu oraingoz eta hiru garaipen eta berdinketa bat lortu dute. Lehen partidan gol bakarragatik irabazi zion Esloveniari (21-20). Bigarrenean Errusia jipoitu zuen (24-33) eta hirugarrenean Islandiarekin 28 golera berdindu zuen.

Atseden egunaren ondoren, Main round izeneko faseko lehen partidan Frantzia izan dute aurkari, beti ere selekzio gogorra. Gaurkoan, baina, Espainiako selekzioak ez du hutsik egin eta 21-27 emaitzarekin irabazi du (11-16 atsedenaldian). Kauldi Odriozolak 4 gol sartu ditu.

Main roundeko bigarren eta azken partida jokatuko dute bihar, 18:00etan, Poloniaren aurka. Azken hauek 36-24 emaitzarekin galdu dute gaur Islandiaren aurka. Berdinketa lortzea nahikoa izan daiteke.