Txirrindularitza: Alvaro Gravalosek irabazi du Zumaiako Uda Saria

Baleike 2016ko uzt. 23a, 14:31
Alvaro Gravalos Arritokietako aldapan gora; atzean Unai Iribar eta Xabier Mikel Azparren. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Asesores Navarra taldeko Alvaro Gravalos izan da gaur indartsuena Zumaiako Uda Sarian. Ibilbide aldapatsuari eguraldi petrala batu zaio gaur, eta txirrindulariek gogotik sufritu behar izan dute ibilbidea osatzeko. Euriaren eraginez erokiko dezente izan diren arren, zorionez ez da ezer larririk gertatu.

120 kilometroko ibilbidean Meagas bi aldiz, Garate behin eta Santa Klarara beste behin igo behar izanagatik junior mailako txirrindulariak ez dira denbora pasa etorri Zumaiara. Ziztu bizian abiatu dira lehen kilometrotik eta ez dute bakerik izan helmugaratu diren arte. Euriak ere zailtasuna gehitu dio ibilbideari, eta bat baino gehiago joan da gaur lurrera, labainduta. Zubitxikiaren parean lehen bi itzulietan izan dira erorikoak, eta Garateko jaitsieran ere bai. Txirrindulariren bat errepidetik ere atera da, sasi artera, baina zorionez inork ez du min handirik hartu.

Helmugarako 15 bat kilometrora Garateko gaina igo dute, Getariako aldetik. Zazpiko taldetxo bat iritsi da aurreratuta, eta han hasi da azken garaipena erabakitzen. Zumaiara Alvaro Gravalos iritsi da aurretik metro batzuk hartuta, baina Unai Iribar ez zuen oso aparte eta Arritokietan gora igotzea falta zitzaien artean. Gravalosek, ordea, ez du amore eman, eta ederki gainditu du aldapa motz baina tentea. Jadarreko jaitsiera ere arriskutsua zegoen euriagatik, baina aurrekoek ezusterik gainditu dute eta helmugara Gravalos iritsi da lehen postuan, Iribar eta Xabier Mikel Azparrenen aurretik.

Talde onenaren saria Construcciones Victor Alvarok irabazi du. Joxe Mari Korta Fundazioak eskaintzen duen saria da, egonaldi bat Zelai Talasoterapian txirrindularientzat eta zuzendariarentzat.

Sailkapena:

1. Alvaro Gravalos (Asesores Navarra)
2. Unai Iribar (Limousin)
3. Xabier Mikel Azparren (Construcciones Victor Alvaro)

Mendiko saria, Alvaro Gravalos.
Tarteko Helmuga, Raul Sanguesa
Taldeka: Construcciones Victor Alvaro

Euskal Herria Torneoko liderra: Ander Amonarriz (Andoaingo)

Erlazionatuak