Barrako lanak uztailaren amaieran hastea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak

Baleike 2016ko uzt. 7a, 14:08

Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendari Almudena Ruiz de Angulo del Campok Zumaiako Udalari helarazitako gutun batean dioenez, Zumaiako barrako lanak uztailaren amaieran hastea aurreikusten du Gasteizeko gobernuak. Lanek urtearen amaierara arte iraungo dutela ere jakitera eman du. Barra atzo zabaldu zen Gipuzkoako Traineru Txapelketaren harira, epaileak eta antolatzailea sar zitezen.

"Zumaiako herritar guztiei" zuzentzen da Garraio Azpiegituren Zuzendariaren gutun hau. Bertan dio "goitik beherako sendotze lanak jasoko" dituela barrak. Azpiegitura honek azken urteotan izan dituen arazoen kronologia bat egiten du agintariak. Hala, 2014ko denboraleen ondoren barrak kalte larriak izan zituela gogoratzen du eta, "aurrekontu erabilgarritasunak" zuzenean kaltetutako guneak konpontzeko aukera baino eman ez zuela. "Estalki nagusiak hutsune nabarmenak erakusten ditu berau osatzen duten blokeen artean, bigarren mailako estalkiaren nasa agerian utzik, estruktura sendoan 'puntu ahulak' sortuz". 

"Ahultasun egoera hori dela eta, 2016ko otsailaren 9ko denboraleak barrualdeko ezpondaren matxura partziala eragin zuen, eutsitako gainditzeen ondorioz, muturretik hurbil batez ere. Horrez gain, kokoteak ere haustura jasan zuen 60 metroko zatian", jarraitzen du gutunak.

Zuzendariaren iritziz, beharrezkoa da barraren konponketa eta indartze lanak egitea, "estrukturaren erabateko degradazoa ekidinez eta beste denborale batzuen aurrean erabat babestuta egongo dela bermatu, etengabe konpontzen aritu behar ez izateko".

Azaldu dutenez, Typsa ingeniaritza etxea otsailetik aritu da barra indartzeko proiektua idazten eta une honetan kontratistek aurkeztutako eskaintzak aztertzen dabiltza.

Aurreikuspenen arabera, hilabete honen amaierarako hasiko dira barra berreraikitzeko lanak eta urtearen amaierara arte iraungo dute. Lanak estropada egutegiarekin koordinatuko direla ere adierazi dute, "epaileen eta telebistaren sarrera bermatzeko".