Heriotzara eramaten duen bidexka artelan bihurtu dute Oxforden

Baleike 2016ko uzt. 6a, 19:00

Koldobika Jauregi eta Juan Ramon Llavoriren Ezer ez da ematen duena erakusketa zabalduko da gaur Zumaian. Eskultura eta argazkiak uztartzen dira bertan. Gaur zabalduko da eta uztailaren 25era arte bisitatu ahal izango da.

Mundu honetan, bizitza honetan, zerbait ziur badugu hil egingo garela da. Kontua da nola joango garen: bakean edo minez. Nolakoa izango da azken bidaia hori? Ideia horiek zituen buruan Juan Ramon Llavori argazkilari zumaiarrak orain urte batzuk Konpostelarako Santiagora eramaten duen bidean. Pentsakera horiek Koldobika Jauregi eskultorearekin partekatu zituen eta emaitza, Ezer ez da ematen duena erakusketa, Jauregik Alkizan duen Ur mara espazioan aurkeztu zen 2014. urtean. Orain, ia urte geroago, Zumaiako Oxford aretoan ikusi ahal izango da, uztailaren 25era bitartean.

"Donejakue bidea egiteko bi modu daude: turisten moduan, orain saldu nahi diguten bezala, edo barne bidaia bat egiten, espiritualtasunaren bila. Nik bigarren aukera hau nahiago dut. Galderak egiten dizkiot nire buruari, barrena arakatzen dut eta heriotzaren inguruko galdera hauek izan nituen", azaltzen du Llavorik erakusketari azken ukituak ematen dizkion bitartean.

Pentsakizun hauek arte munduan irudikatzeko, Koldobika Jauregi eskultorearekin jarri zen harremanetan. "Aurrez ere lan eginak gara elkarrekin, Peregrinatio, por el camino de la luz proiektuan. Zerbait eskatu nion eta ordutik oso harreman ona dugu. Bera ere oso espirituala da", gaineratu du.

Llavorik hainbat aldiz egin du Donejakue Bidea. Tibeten ere egona da eta leku hauek guztietan kamera eraman du bertan bizitakoa argazkien bidez jasotzeko (Tibeterako bidaia Jule Ladakh! argazki liburuan jaso zuen). "Orain, baina, ez nuen ohiko argazkiak erakutsi nahi. Gorputzak beste zerbait eskatzen zidan". Horren erakusle da Oxfordeko horman zintzilikatu duen argazki zikloa. "Bere burua hil nahi duen pertsona bat irudikatzen da. Burua plastikozko poltsa batean sartzen du, baina, azken unean, poltsa hautsi egiten du? Zergatik?".

Inongo tripode edo argi artifizialik gabe, hartualdi batean ateratako argazki hauetan bada zumaiarrei, agian, harridura sortuko dien zerbait eta da modeloa Ismael Elizalde apaiza dela. "Benetan esaten dizut ez nuela hori buruan. Hiru pertsona fotografiatu nituen egoera berdinean eta berak zuen adierazkortasun handiena. Baina, orain pentsatzen jarrita, sinbolismo handia ere badu".

Bizitza bidexka bakarrean

Erakusketaren beste alderdia Koldobika Jauregiren eskulturek osatzen dute. Batzuk egurrezkoak, besteak corten altzairuzkoak dira. "Alkizako erakusketatik hona aldatu egin ditut; haiek 30 urtetik gora zituzten eta bazuten zaharberritzearen beharra", aipatu digu eskultoreak.

Zumaiako erakusketara Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren inguruan egin zituen eskultura batzuk. "Badute bere zentzua erakusketa honetan. Ikusleei barrenean zerbait sortuko dien? Hala espero dut".

Erakusketa ikusterakoan erlojuaren norabidea jarraitzea eskatzen du "hobeto ulertzeko". Sarreran zerbait argibide eman nahi dituen idatzi txikia dago: "Bizitzan ibili beharreko bideak desberdinak dira denontzat. Bakoitzak bere bidexka hartuko du, barruak eskatzen diona. Heriotzaren bideak denontzat bidexka bakarrean biltzen dira, baina hari aurre egiteko era batetik bestera alde ederra dago. Errealitate absolutoa da hori". "Hori da jarri duguna, baina gero norberak ikusiko du barrenean zer pizten den erakusketa ikusi eta gero", amaitu du esaten Llavorik.