Mutrikuk irabazi du zesta puntako Herriartekoa

Baleike 2016ko uzt. 2a, 22:45
Zumaiak ezin izan du Herriarteko Txapelketa irabazi. Argazkia: Gorka Zabaleta

Zumaiak ezin izan du Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi. Kadeteek lehen partida irabazi duten arren, gazte mailan eta maila nagusian Mutriku gehiago izan da.

Aitzuri pilotalekuan jokatu da gaur arratsaldean Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala. Zumaiarrek bazuten txapela janzteko esperantza, are gehiago lehen partida irabazi eta gero. Baina ez da posible izan. Mutrikuko bikotea jaun eta jabe izan da gazte mailan, eta nagusien arteko partida erabakigarriak Mutrikuk partida borobila egin du eta Zumaiako bikoteak behar baino akats gehiago egin ditu.

Kadete mailan, Mutrikuko Zuhaitz Arribillagak eta Jon Iparragirrek, eta Zumaiako Eduardo Agirrek eta Joseba Agirrek jokatu dute. Hasieran partida orekatua joan da, baina hamarnako berdinketatik aurrera Eduardo Agirre nagusitu da aurreko koadroetan, tanto ederrak eginez, eta 30-18 irabazi du Zumaiak.

Gazte mailako partidan berriz, Mutriku izan da nagusi. Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Manzisidorrek ez dute arazorik izan Cristian Saez eta Julen Lopez zumaiarrak mendean hartzeko. 35-13 amaitu da partida.

Azken partida erabakigarrirako Cosme Agirre eta Unai Uranga kantxaratu ditu Zumaiak, eta Jon Mendizabal eta Aitor Andonegi Mutrikuk. Nor baino nor gehiago aritu dira 15nako berdinketara arte, baina hortxe hautsi da partida. Egia esan, hasieratik urduriago aritu da Zumaiako bikotea, behartu gabeko akats asko eginez. Mutrikuko bikotea erosoago sentitu da kantxan. Aitor Andonegi atzelariak partida zoragarria egin du atzean, ia dena eramanez eta zumaiarrak estu hartuz tanto askotan. Atzean halako babesa edukita, Jon Mendizabal aurrelari beteranoak ez du aukera galdu eta mutrikuarrek merezita irabazi dute txapela.

Sari banaketaren amaieran, Zumaiako pilotariek omenaldia egin diote hainbat urtez zesta puntako irakasle izan den Eustakio Adurriagari. Lore sorta eta oroigarria eman dizkiote, eta gauean afaltzera joan dira denak elkarrekin. Txapelik gabe oraingoan, baina izango dira aukera gehiago.

Erlazionatuak