Gereka eta Barruetabeña izan dira azkarrenak Urolako igoera-jaitsieran

Baleike 2016ko uzt. 2a, 22:09

Unai Gereka eta Imanol Barruetabeña, estropada buru. Argazkia: Gorka Zabaleta

Itxas-Gaineko K2 seniorra jaun eta jabe izan da irteeratik amaierara. Imanol Txapartegik (kadetea) eta Xabier Osak (beteranoa) ere lehen postua lortu dute, eta Martin Egaña bigarren izan da 23 urtez azpikoetan. Emakumeen 23 urtez azpiko estropadan, Irati Osa zumaiarra izan da azkarrena, baina epaileak nahastu eta bigarren postuan jarri dute sailkapenean. Guztira 16 klubetako 120 bat piraguistek hartu dute parte eta Itxas Gain bigarren izan da kluben sailkapenean.

Santiagoko hondartzan ura mugitu samar zegoen gaur irteerako orduan, olatu txikia baina indartsua sortzen zen ertzean, eta horrek irteera zaildu die piraguistei. Unai Gereka eta Imanol Barruetabeñarentzat ez da oztopo izan, ordea. Ziztu bizian abiatu dira eta lehen txanpan hartutako metroak erabakigarriak izan dira. Atzetik segika zuten multzo txiki bat, baina aldea zabaldu baino ez du egin Itxas-Gaineko bikoteak.

Donostia Kayak-eko Iñaki Fernandez eta Xabier Crespo izan dira bigarren helmugan, minutu batetik gorako atzerapenarekin, eta Santiagotarrakeko Oihan Sayar eta Erik Arozenarentzat izan da podiumeko azken koska. Zazpigarren izan dira Unai Azkune eta Kepa Txapartegi, eta bederatzigarren Bernardo Flores eta Vicente Royo –beteranoak izan arren seniorren sailkapenean sartu dituzte–.

Imanol Txapartegi kadeteak ere garaipen ederra lortu du. Ia minutu erdiko tartea atera dio bigarren izan den Gorka Colomori (Donostia Kayak). Xabier Osak maila ikaragarria erakutsi du beste behin. Betaranoen artean nagusi izan da, eta senior onenak ere ez ditu oso aparte izan (David Machado irabazlea, Felipe Besada eta Jon Moren bakarrik izan dira Osa baino lehen helmugaratzeko gai).

Irati Osak ere estropada bikaina egin du. 23 urtez azpikoen artean azkarrena izan da, ia minutu bateko aldera ateraz bigarrenari. Baina epaileak nahastu egin dira eta hasiera batean bigarren postua eman diote sailkapenean. Erreklamatu ondoren, denborak aztertuta, garbi ikusi dute Irati Osa izan dela irabazle eta akatsa zuzentzekotan gelditu dira. 23 urtez azpikoen mailan, Martin Egaña bigarren izan da mutilen artean.

Erlazionatuak