Erriberako kantoira bueltatu da Aita Mari

Baleike 2016ko eka. 27a, 09:56

Gaur goizean itzuli da bere lekura Aita Mariren irudia.

Bi hilabeteko zaharberritze lanak behar izan dira Aita Mariren irudiak garai bateko distira berreskura dezan.

Denboraren poderioz, euriak eta kresalak janda, nahikoa egoera kaskarrean zegoen Aita Mariren irudia. Derrigor zaharberritu beharra zegoela ikusi zuen Udalak, are gehiago bere heriotzaren 150. urteurrena ospakizunak aintzat hartuta. Artelanak zaharberritzen adituak diren Rakel Nacenta eta Idoia Idigoras arduratu dira lanaz. Komentuko sukaldean aritu dira bi hilabetez lanean.

"Arazorik larriena harriaren egoera zen", azaldu digute. Balear Irletan oso ohikoa den mares motakoa da harria –Mallorcarra zen Mateu egilea–, oso zuria eta porositate handikoa. "Hezetasunaren ondorioz, desegin egiten zen. Hainbat zati janda zeuzkan, sudurrean pusketa falta zitzaion eta nahikoa zen ukitzea hordar bihurtzeko". Atzealdean ere oso egoera txarrean zegoen, kolpeak eta pitzadurak zeuzkan nonahi. Beraz, pintura geruzak kendu, harria garbitu eta gogortzea izan zen lehen egitekoa.

Behin hori lortuta eta falta ziren zatiak berreginda –sudurra, esate baterako–, azken emaitza erabakitzea ere ez da erraza izan. Jatorrizko irudia nolakoa zen ez dago inon dokumentatuta, ez dago argazkirik. Horregatik, estratigrafia bat egitea erabaki zuten. "Azken finean, harriaren gainean dauden geruza guztiak aztertzen dira, zenbat geruza dauden, ezaugarriak...". Guztira 16 geruza agertu dira, eta batzuk deigarriak: "Kolore urdina ere agertu da tartean". Azkenik, jatorrizkora ahalik eta gehien hurbiltzen ahalegindu dira, gaur egungo pintura eta teknikak erabiliz. Pinturaren gainean lau barniz geruza eman dizkiote, babesteko.

Irudiaren plaka ere zaharberritu dute. Herdoilak janda zegoen eta orain beste distira bat erakusten du. Uztailaren 23an ospatuko da Aita Mari eguna, eta ordurako prest dago irudia. Bere zapi eta guzti.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide