Sariak bikoiztu ditu Flysch Trailek goi mailako korrikalariak erakartzeko

Baleike 2016ko eka. 24a, 11:04
Zelai talasoterapian egin zuten atzo aurtengo ekitaldiaren aurkezpena. Argazkia: Sara Utrera

Uztailaren 3an jokatuko da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren zortzigarren aldia. Espainiako kluben arteko txapelketa izango da, gainera. Antolaketa taldeko arduradun Bosco Garitanok eman dizkigu aurtengo lasterketaren berri nagusiak.

Iaz nazioarteko Skyrunner National Seriesen sartu zen lasterketa. Aurrerapausotzat jo zen, baina aurten ez dago zirkuitu horretan. Zergatik?

Munduko Kopako probetan, goi mailakoetan, Zegama dago. Hurrengo koskan, Skyrunner National Seriesekoak daude baina, egia esan, ez dute guk esperotako distira. Goi mailako korrikalariak ekarri nahi ditugu, nazioartekoak, eta kategoria horrek ez du erakartzeko gaitasun hori. Euskadiko Kopan eta Espainiako Kopan federazioen babesa eta laguntza izaten dugu lasterketa antolatzeko, eta Skyrunnerrean ez, ez dago inolako babesik. Probatu genuen, baina ez zigun eman guk esperotakoa.

Antolatzaileok beti adierazi duzue maila goreneko lasterketa antolatzeko gogoa. Zer aukera gelditzen zaio Flysch Traili bide horretan hobetzeko?

Bi bide gelditzen zaizkigu. Bat, Europako Federazioa osatu eta Europako mendi lasterketen zirkuitua antolatzea. Pixkanaka lantzen ari diren kontua da, Suitzan bildu berri dira gaia lantzeko. Baina interes borroka bat dago hor Skyrunnerrekoekin. Eta beste bidea da sari oso onak jartzea. Aurten bide hori hartzea erabaki dugu. Oihana Kortazar enbaxadore lanak ari zaizkigu egiten nazioarteko korrikalarien artean, dagoeneko bere elastikoan daramatza Flysch Kirol Elkartearen eta Zumaiako Udalaren logoak. Zumaiako proba izango da Espainiako Estatuan sari onenak emango dituen lasterketa: 2.000 euro irabazleari, gehi beste mila errekorragatik –Zegaman 1.200 euro dira, gehi 500 errekorragatik–.

Eta zer korrikalari etorriko dira aurten?

Bi faborito aipatzen dituzte adituek: Merillas espainiarra –iazko irabazlea– eta Zinca errumaniarra. Errumaniako olinpiar taldeko korrikalaria da. Larunbat goizean proba bat dauka Errumanian, derrigor korritu behar duena, eta arratsaldean abioia hartuko du igandean Zumaian egoteko. Lasterketa irabaztera dator. Punta-puntako korrikalaria da, Kylian Jorneten ondoren, inoiz ezagutu duen korrikalari onena dela diote batzuek. Ez ditu mendi lasterketa asko egiten, Errumaniako Federazioarekin lotura duelako, baina Zumaiara dator 3.000 euroen bila. Bi faborito horiez gain, gizonetan, Zumaian izango dira, Zaid, Becerra, Pablo Villalobos eta Julio Rey maratoilariak... Emakumetan, Oihana Kortazar, Maite Maiora, Azahara Garcia, Paula Cabrerizo, Montse Vazquez eta Lola Peñarrocha, besteak beste. Merillas eta Kortazar hirugarren izan ziren Zegaman... Maila handiko jendea izango dugu.

Espainiako kluben arteko txapelketa izango da lasterketa. Horrek zer ekarpen egiten dio lasterketari?

Kalitate handieneko lasterketa da, klub onenetako onenak datozelako. Maila handiko parte hartzea ziurtatzeaz gain, kanpoko jende asko ekartzen duzu herrira. Alde horretatik, inoiz baino jende gehiago etorriko da aurten Zumaiara.

Iaz maratoia eta maratoi erdia antolatu ziren. Planteamendu horri eustea erabaki duzue, aurreko edizioetako distantzia motzagoak baztertuta. Zergatik?

Goi mailako korrikalariek hala eskatuta. Ibilbidean zerbait aldatu beharra zegoela esaten ziguten urtero. Lehengo ibilbideak ez zuen zailtasun edo oztopo berezirik, eta onenei oso zaila egiten zitzaien nabarmentzea. Oso gustura daude iazko aldaketarekin.