Uztailaren 4an hasiko dira Udalak antolatutako Udalekuak

Baleike 2016ko eka. 23a, 10:29

HH3tik LH6ra arteko 500 bat haurrek hartuko dute parte aurtengo Udaleku irekietan, uztailaren 4tik 29ra. Bi urteko umeen zaintza zerbitzua bertan behera utzi izanaren inguruako azalpenak ere eman ditu Udalak, prentsara bidalitako oharrean.

Urtero bezala, bi udaleku txanda egingo dira: lehena, uztailaren 4tik 15era; eta bigarrena uztailaren 18tik 29ra. Udalekuen ordutegia goizeko 09:00etatik 13:00etara izango da eta Herri Eskolako Sagarbide eraikina izango da egoitza. 

Bertan, haurrek, hainbat jolas eta ekintza berezi egingo dituzte: besteak beste, San Fermin eguna, ur jolasen eguna edo udaleku bukaerako festa. Zumaiatik kanpora ere irteera bat egingo dute. Lehenengo txandan, txikienak Azkoitiko igerilekura joango dira eta gainontzeko haurrak Azpeitiko igerilekura. Bigarren txandan, HHko haurrak Deban egingo dute egun pasa, LH1 eta 2koek, Orion eta LH3-6 mailakoak aldiz Getariara joango dira.

Aurten gora egin du udaleku irekietan izena eman duten haurren kopurua; iaz 473 izan ziren eta aurten 503. Lehen txandan 474 ume izango dira eta bigarrenean 224 –batzuek bietan hartuko dute parte–. Udalekuetan 3tik 12 urtera arteko haurrek hartuko dute parte, 6 adin taldetan banatuta: HH3, HH4, HH5, LH1, LH2 eta LH3 eta 6 artekoak talde berean.

Bi urteko zaintzaren inguruan

Bi urteko umeen zaintzarik ez du eskainiko aurten Zumaiako Udalak, eta horrela arrazoitu du erabakia, prentsa ohar bidez: "Udal teknikariek egindako balorazioaren arabera, udalekuak ez dira 2 urtekoentzat egokiak eta zerbitzu berezitu bat behar dute, besteak beste, adin horretan espezialistak diren profesionalek eskainitakoa. Bestalde, haurren beharretan pentsatuta, udal gobernuak ez du egoki ikusten, iaz lehen aldiz eta modu pilotu batean ipini ziren bi urtekoen udalekuak sustatzea. Hala eta guztiz ere, eta guraso batzuek izan zezaketen premia kontuan hartuta, nolabaiteko konponbide bat ematea pentsatu zuen Udalak herrian martxan dagoen baliabide bat erabilita. Beti ere, haurren ongizatea bermatuta alde batetik, eta bestetik, jakinda irabazi asmorik ez zegoela tarteko. Haurren ongizatearekin baino beste kontu batzuekin zerikusi handiagoa zuten arrazoiak tarteko, Udalaren proposamena gaizki hartu zen eta, beraz, Udalak hasierako asmoekin jarraitu eta zerbitzua ez eskaintzea erabaki zuen".

Udalak zerbitzua bertan behera uztea erabaki duenez, Zumaiako Herri Eskolako Lubaki Guraso Elkartea arduratu da zerbitzua martxan jartzeaz, eskolako hainbat gurasok hala eskatuta.