Dena prest larunbatean frontoi berria estreinatzeko

Baleike 2016ko eka. 23a, 10:09
Larunbatean jokatuko da lehen jaialdi ofiziala Aitzurin.

Larunbatean zabalduko da Aitzuri frontoia, jaialdi berezi batekin Eskuzko pilota partida, Lucia Lacarraren dantza saioa eta zesta puntako partida izango dira, 22:00etatik aurrera. Eraikin berriak 672 lagunentzako eserlekuak ditu eta sarrerak agortuta daude.

2007ko udazkenetik dago Zumaia pilotaleku estalirik gabe, urte luze hauetan horrek eragin dituen eragozpen guztiekin. Azpiegitura berria eraikitzeko bidea korapilotsua izan da oso, baina bukatu da gurutzebidea eta larunbatean zabalduko dituzte Aitzuri pilotaleku dotorearen ateak, estreinako jaialdia jokatzeko (22:00etan). Eskuzko partida jokatuko da aurrena, goi mailako pilotariekin: Aimar Olaizola eta Albizu, Irribarria eta Zabaletaren aurka. Buruz buruko txapelduna (Irribarria), Zumaian izango da, beraz. Eskuko partidaren ondoren, Lucia Lacarra dantzari handiak dantza saioa eskainiko du. Eta bukatzeko, zesta puntako partida jokatuko dute Goikoetxea-Inza eta Egiguren-Enbil bikoteek.

Partida jokatzeko prestatzeaz gain, jaialdia bera ere antolatzeko lanean ari da Gotzon Enbil azken asteotan, Zumaiako Pilota Elkartearekin batera. Hasiera batean, jaialdia ETB1etik zuzenean eskaintzea zen helburua baina, Enbilek esplikatu duenez, ez da posible izan. «Guk gauez nahi genuen antolatu eta ETBk esan zigun arratsaldez behar zuela izan; ontzat eman genuen, baina gero eskuzko bi partida jokatu behar zirela esan ziguten, kontratuz hala dutelako zehaztuta, eta guri gehiegi iruditu zitzaigun». Frontoia beteko duten 672 lagunek izango dute, beraz, jaialdiaz gozatzeko aukera.

Pilotalekuko ateak larunbatean zabalduko diren arren, oraindik ez dago erabakita aurrerantzean nor arduratuko den kudeatzeaz. «Lehiaketa publikora aterako dugu. Gaia ondo aztertzen ari gara, alkoholaren legearekin berez ezin delako alkoholik saldu kirola egiten den azpiegituretan. Hori gaur egun ez da betetzen, baina kontuan hartu beharreko puntua da baldintzak zehazteko garaian». Pilotalekuko tabernako ardura hartzen duenak ireki eta itxiko du frontoia, eta bera arduratuko da kantxa hartzeko txandak kontrolatzeaz. «Lehentasuna pilota elkarteak izango du, eta gainontzeko orduetan herritarrek erabili ahal izango dute».

Pilotaz aparte, beste erabilera batzuetarako erabiliko ote den galdetuta, aukera egongo dela dio Enbilek, baina ondo arautu behar dela gaia: «Eskolek eskaera egin dute soinketarako erabiltzeko. Arauak zehaztu eta adostu behar ditugu, eta onartzen badituzte, ez da arazorik egongo». Bestelako ekitaldiak antolatzeko aukera ere izango da, egurrezko zorua babesteko estalki bat erostea aurreikusi baitute: «Aurrekontuan sartuta dago eta erosiko dugu. Kontzertuak edo bertso saioak egiteko eskenatokia jarri behar bada, ez da arazorik izango estalki hori jarrita». 

Bestalde, larunbateko jaialdiaren ondoren, zesta puntako Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketako finala jokatuko da uztailaren 2an, Zumaia eta Mutriku artean.

Erlazionatuak