Jai Alai World Tourreko bi jardunaldi jokatuko dira Aitzuri frontoian

Baleike 2016ko eka. 22a, 19:52

Jai Alai World Tour zesta punta txapelketako parte-hartzaileen zozketa egin da gaur Aitzuri frontoian. Gernika Jai Alai eta Jai Alive enpresek antolatutako txapelketa da hau. Enpresa bakoitzak bere aldetik egingo du Master Serieseko lehen fasea. Gero, multzo bakoitzean lehen postuetan geratzen diren bikoteak elkarren artean neurtuko dira finalaurrekoetan.

Txapelketan parte hartuko duten zenbait jokalari izan ziren atzo Zumaian: Mikel Egiguren, Xabi Inza, Nicolas Etcheto, Cristophe Olha, Gaizka Muniategi eta Gotzon Enbil eta Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak. Bi enpresetako jokalariak ez dira elkarren artean neurtuko finalaurrekoak arte. Zozketa eginda, Enbilek Olha izango du lagun aurreko koadroetan eta Goikoetxeak Inza atzelari lanetan. Uztailaren 9a izango dute lehen jardunaldia, Gernikan.

Aitzurin lehen faseko bi jardunaldi jokatuko dira, uztailaren 17an eta 24an. Sarrerak turismo bulegoan jarriko dira salgai. Garaiz abisatuko da. Finalaurretako bat ere hartuko du Zumaiako frontoi berriak, irailean, oraindik zehaztu gabeko data batean.